Gizartea -
Eguraldia
Giro tristea eta tenperatura epelak, maiatzeko lehen asteburuan
Oro har, zerua oso estalita egongo da. Larunbatean euria egin badezake ere, ez du askorik botako. Igande arratsalderako, ordea, zaparra mardulak eta ekaitzak espero dira. Hego-mendebaldeko haizeari esker, tenperatura maximoek gorako bidea hartuko dute, baina ez dituzte 25 °C-ak gaindituko.
EITB Media
Udaberria hasi zenetik apenas eduki dugu eguzkia goizetik iluntzera ikusteko paradarik, eta asteburua ez da salbuespena izango, EITBko "Eguraldia" meteorologia zerbitzuak iragarri digunez. Zeru gainak tapatuta izango dira bai larunbatean eta bai igandean, eta euria egingo du, bereziki igandean. Tenperaturek, bestalde, gozatzera egingo dute, 25 ºC-ren langa igaro ezinda geratuko diren arren.
Gaur arratsaldean sartuko dira hodeiak —goizean oskarbi egongo da—, eta tarte baterako behintzat, gurean geratuko dira. Hala, larunbatean giro goibela izango dugu denean. Tarteka euria egingo du, baina ez du askorik botako eta, egitekotan, euri txikia izango da, batez ere arratsaldean. Hego-mendebaldeko haizeari esker, tenperatura maximoek gora egingo dute. Bilbon 23 ºC-raino igoko da termometroa; Donostian, 22 gradura, eta Gasteizen eta Iruñean, hortik beherago, 19 ºC-ra.
Igandean ez da aldaketa askorik espero. Goiza lasaiagoa izango da, eta ostarteren bat edo beste ikusteko aukera izango dugu, ia ateri eutsiko dio. Arratsaldean, ordea, ezegonkortzera egingo du. Hodei trinkoagoak agertuko dira zeruan eta zaparrada batzuk botako ditu; ez da baztertzen trumoi-ekaitzak ere izatea. Hego-haizea ibiliko da beste behin, baina arratsaldean haizeak iparraldera egingo du, eta horrek giroa freskatuko du. Tenperatura maximoak 22-23 ºC-koak izango dira kostaldean, eta 20 ºC-koak, barnealdean.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.