Gizartea -
EGURALDIA
Fronte hotz batek giro grisa eta euri apur bat ekarriko ditu ostegunera arte
Tenperaturak 15 ºC-raino jaitsiko dira, eta zeruak lainotuta egongo dira. Hala ere, euri txikia bakarrik egingo du, eta isurialde atlantikoan bakarrik.
eitb media
Aurreko ia aste osoan eguraldi eguzkitsuarekin egon ostean, igande gau eta astelehen goizaldean fronte hotz bat iritsi da, eta tenperaturak kolpetik jaisteaz gain, zeruak lainoekin estali ditu, euri askorik espero ez den arren. Datorren astebururako, berriz, Euskalmetek aurreikusi du ostegunean berriro nagusituko dela eguzkia, eta tenperaturak apur bat igoko direla, baina ez aurreko aurreko astean adina, ipar-ekialdeko haizea nagusituko baita.
Gaur, tenperaturak nabarmen egingo du behera. Eguraldi aldaketa fronte baten eskutik etorriko da, baina fronte horrek euri gutxi ekarriko digu. Giro motela izango dugu, eta euria egingo du tarteka, bereziki isurialde atlantikoan eta egunaren lehen zatian; oro har, euri txikia egingo du, baina baliteke goizaldean zaparrada bakanen bat botatzea. Arratsaldean, ostarte zabalak irekiko dira hegoaldean. Tenperaturaren beherakada handia izango da, eta herri gehienetan beroenak 15 ºC ingurukoak izango dira. Arratsaldean, iparraldeko haizea harrotu egingo da Ebro ibarretik gertu.
Giro iluna eta freskoa astearterako. Ipar partean, zerua lainotuta egongo da, eta tarteka euri txikia egingo du isurialde atlantikoan. Hegoaldean, berriz, hodeitza ez da hain trinkoa izango, ateri eutsiko dio eta ostarteak zabalduko dira. Haizea ipar-mendebaldetik sartuko da, eta harro samar ibiliko da tarteka, bereziki Ebro inguruetan. Eguneko tenperaturak beste koska bat egingo du behera, eta 15 ºC-tik behera geratuko da leku gehienetan.
Asteazkenean antzera jarraituko dugu. Zerua lainotuta egongo da, bereziki ipar isurialdean eta euri pixka bat egin dezake; euria, orokorrean, txikia izango da edo euri langarra. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, giro freskoarekin jarraituko dugu eta baliteke 1300-1500 m-tik gora prezipitazioa elur moduan egitea.
Ostegunetik aurrera, eguraldiak hobera egingo du, eta astebururako, eguzkia itzultzea eta tenperaturak apur bat igotzea espero da.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.