Gizartea -
Athletic Club
160 ontzik eta 32 traineruk lagunduko dute dagoeneko uretan dagoen gabarra ostegunean
Getxoko Abrako Itsas Klubetik abiatuko da 16:30ean eta 18:30ak aldera Bilboko Udaletxera iristea espero da. EITBk zuzenean eta esklusiban eskainiko du garaipenaren ospakizuna.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gabarra Bilboko itsasadarrean da jada, datorren ostegunean urak zeharkatzeko prest, 160 ontzi eta 32 trainerurekin batera. Horrela, Athleticek 40 urteko lehortearen ondoren lortutako Errege Kopa ospatuko du. EITBk zuzenean eta esklusiban eskainiko du garaipenaren ospakizuna.
Gabarra Bilboko Itsas Museoko diketik ateratzeko tonaje handiko garabi batekin ordubeteko maniobrak egin ondoren, itsasontzia itsasadarrean flotatzen ari da, porturaino eramateko zain. Handik Bilbora abiatuko da ostegun honetan, jokalari zuri-gorriekin eta Koparekin.
Maniobrekin hasi baino lehen, Jon Ruigomez Athleticeko lehendakariorde eta Bilboko Itsas Museoko zuzendariak nabarmendu du gabarra itsasadarraren berezko ontzia dela Bilbo sortu zenetik, eta "portua dela hiribildua baino lehen".
Ziurtatu duenez, portuko ontzia izateak "esanahi berezia du Athletic bezalako klub ezberdin batentzat", eta gabarra "garaipenaren eta ospakizunaren ikur" gisa agertzen den lehen ezagutza 1925ekoa dela gogorarazi du, "Athleticek Olabeagako Acero Cluben adibidea hartu zuenean". Geroago, 80ko hamarkadan, "bi ligetako eta Kopako garaipen handien" lekuko izan zen.
Ruigomezek azaldu duenez, gabarra asteazken honetan eramango dute Bilboko portura, eta ostegunera arte egongo da bertan.
Ekitaldiak segurtasun dispositibo zabala izango du, milioi bat pertsona inguru hurbiltzea espero baita.
Gabarran gehienez 60 pertsona igoko dira, jokalari eta zuzendariekin batera, eta 160 ontzi eta 32 traineruk Bilboko udaletxera lagunduko dute ontzia.
Egun handia, ostegunean
Uretaratzeko lanak gaur hasi badira ere, ostegunera arte ez dago ekitaldirik antolatuta. Orduan zeharkatuko du gabarrak itsasadarra, duela 40 urte egin bezala. Segizioa 16:30ean abiatuko da Getxoko Kirol Portutik, eta bi ordu geroago helduko da Bilbora.
Hala, aurreikuspenen arabera, 18:30-19:00 aldera iritsiko dira udaletxera, eta bertan izango dituzte zain Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, harrera egiteko. Aurreskuaren ostean abiatuko dute omenaldia. Aburtok hitz egin ostean, taldeko kapitainak eta entrenatzaileak hartuko dute berba. Azkenik, balkoira irtengo dira futbolari guztiak zaleak agurtzera.
Ekitaldiak jarraipena izango du Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzan, 19:30etik aurrera. Athleticeko jokalariak autobusean igaroko dituzte Areatzako zubia eta Plaza Biribila, Aldundira heldu arte. Han, ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe izango dute zain. Gutxi gorabehera Udalean egindakoa errepikatuko dute hantxe ere.
Milioi bat futbolzale batuko dira Bilbon, aurreikuspenen arabera. Hori dela eta, segurtasun dispositibo zabala antolatu dute agintariek.