Gizartea -

23. Korrika

Iruñerria euskararen festa erraldoi bihurtu du Korrikak

Korrikaren hirugarren egunaren arratsaldean Sarrigurendik sartu da Korrika Iruñerrira, eta 16:00ak aldera heldu da Iruñeko erdigunera. Kirolari zein politikariek eta hamaika erakunde, ikastola eta elkartetako kideek eskuz esku eraman dute lekukoa, kalez kale zirrara eta ilusioa zabalduz.

23. Korrika Nafarroan zehar. EFE.
23. Korrika Nafarroan zehar. EFE.
23. Korrika Nafarroan zehar. EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako landa, herri eta auzoak zeharkatu ditu 23. Korrikak bere hirugarren egunean. Goizaldean Nafarroa ekialdeko bizilagunak, Ezkaroze eta ingurukoak izan dira gaueko 'zoro zoragarriak', lekukoa eskuz esku, metroz metro, kilometroz kilometro, etenik gabe eramateko arduradunak. Egunsenti fresko eta eguzkitsua izan dute, eta goizak aurrera egin ahala, Iruñera gerturatzen joan da Korrika. 

Besteak beste, Agoitz, Billabeta, Urrotz, Ibiriku, Uharte eta Olatz igarota, Sarrigurendik sartu da Korrika Iruñerrian, 14:00ak aldera. 

15:50 inguruan Iruñeko erdialdera iritsi denean, ez zen arimarik kabitzen kaleetan, eta sekulako festa giroa zegoen. 

Han, hamaika peña, elkarte eta erakundetako kideek eraman dute lekukoa, eta baita politikariek ere.

Nafarroako Parlamentuak erositako kilometroan, eskuz esku eraman dute Parlamentuko hainbat kidek. Parlamentuko presidente Unai Hualdek lekukoa hartu duenean, zonifikazioaren kontrako kartelak eta "Nafarroako Gobernua euskararen etsai" ziotenak ikusi ahal izan dira. 

Ondoren, Peñen Federazioak hartu du, eta hark pasatu dio lekukoa Joseba Asiron alkateari, Udalak ere Korrikarekin bat egiten duela erakutsiz. Aurretik egin dituen adierazpenetan esan duenez, "elkarbizitza bada hizkuntzekiko errespetua ere. Iruñean bi hizkuntza daude, eta horrelako egunetan euskara babestea dagokigu, herritarrek egiten duten moduan". 

Alde Zaharra eta Gaztelu plaza igarota, Beloso Aldapatik barrena, Burlata aldera, Atarrabiara, Antsoainera eta beste auzo batzuetara egin du. Zizurrera bidean jarri da gero, bertara 20:00ak inguruan iristeko, aurreikuspenen arabera, eta, bertatik, hegoaldera abiatuko da Korrika.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Korrikaren abestia Iruñea azken orduko berriak Gaurko albisteak Nafarroan Gizartea albisteak Albisteak Gaur Albisteak Nafarroako Gobernua berriak Nafarroako Parlamentuko albisteak