Gizartea -
ERRESKATEA ELURRETAN
Gasteizko mendizale bat erreskatatu dute Ezcarayn, elur-jausi batek harrapatuta larri zauritu baita
48 urteko gizonezkoa 200 metro arrastaka eraman du La Hoya inguruan gertatutako elur-jausi batek. Errioxako Badaran herriko lagun bat ere eraman du arrastaka elur-jausiak, baina pertsona horrek ez du zauri larririk egin.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errioxako Guardia Zibilaren Mendiko Erreskate eta Esku-hartze Taldeak bi mendizale erreskatatu ditu larunbat honetan Ezcarayko San Lorenzo mendiaren iparraldean elur-jausi batek harrapatu eta gero. Horietako bat, euskal herritarra, larri zauritu da.
Guardia Zibilak ohar baten bidez jakinarazi duenez, mendizaleetako bat, 48 urteko gasteiztarra, helikopteroz eraman behar izan dute ospitalera, lesio larriak zituelako; bestea, Errioxako Badaran herriko bizilaguna, berriz, Valdezcarayko eski-estazioko zerbitzu medikoak artatu du, eta, ondoren, ospitalera eraman dute, badaezpada.
Elur-jausiak ustekabean harrapatu ditu bi mendizaleak La Hoya inguruan, San Lorenzo mendiaren iparraldeko magala igotzen ari zirela.
Zauri arinenak izan dituen mendizaleak telefonoz deitu du eta euren kokalekuaren berri eman die eski-estazioko langileei. Horiek elurretako motorrekin bertaratu dira, eta horri esker, mendizaleak bilatzeko eta erreskatatzeko denbora nabarmen laburtu da, ohar bidez azaldu dutenez.
Bi mendizaleek hipotermia zantzuak zituzten. Euskal herritarra elurretan erdi lurperatuta aurkitu dute, elur-jausiaren ondorioz 200 metro arrastaka joan ondoren.
Aurkitu ostean, ohatila banatan eraman dituzte Colocobia eski-pistara, eta handik elur-motorretan Valdezcarayko aparkalekura. Han, Errioxako Gobernuaren helikoptero medikalizatua zuten zain, eta zauritu larriena Logroñoko San Pedro ospitalera eraman dute.