Gizartea -

Trafikoa

Arretaz gidatzeko gomendatzen dute Arabako zenbait mendatetan elurragatik eta izotzagatik

Nafarroan, gainera, Belagua itxita dago aterpetik aurrera elur-jausi arriskuagatik. Gaur, elur-maila igo egingo da egunak aurrera egin ahala.

Elurra Lizarragan. Argazkia: Jose Luis Imaz
Elurra Lizarragan. Argazkia: Jose Luis Imaz
Elurra Lizarragan. Argazkia: Jose Luis Imaz

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken orduotan elur-mailak izan duen beherakadak (500 metroraino une batzuetan) elurra eta izotza ekarri ditu Arabako eta Nafarroako zenbait mendatetara, eta, ondorioz, arretaz gidatzeko gomendatu dute.

Ez dago mendaterik itxita Araban, baina Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak arretaz gidatzeko eskatzen du Altuben, Azazetan, Bernedon, Gasteizko mendatean, Herreran, Kruzetan, Urduñan eta Opakian. Bizkaian, berriz, Diman mendatean bakarrik jarri dute abisua.

Nafarroan, lodi bota du elurra Pirinio aldean, eta Belagua itxita dago aterpetik aurrera elur-jausi arriskuagatik. Otsagabia eta Irati arteko NA-2012 errepidea ere itxi dute elurragatik, Izabatik Iparraldera doan NA-137a eta Zaraitzutik Iparraldera doan NA-2011 bezalaxe. Gainera, kateak behar dira Auritz eta Izaba arteko NA-140 errepidean.

Eguraldiaren iragarpena

Gaur, euri-zaparradak eta giro hotza izango dira nagusi. Tenperaturak maximoak 10-11 ºC inguruan geratuko dira kostaldean eta 6-7 ºC inguruan barnealdean, eta baliteke izotza egitea barnealdeko zenbait lekutan eta mendi inguruetan. Zeruan zaparradak ekarriko dituzten hodeitzar ilunak eta ostarteak tartekatuko dira, isurialde atlantikoan bereziki; gainera, goizean, trumoi-ekaitzak izan daitezke eta txingorra egin dezake. Elur-kotak gora egingo du: goizean goiz, 600 metrora egongo da, eta arratsaldean, 1.000 metrotik gora. Mendebal ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da egunaren lehen partean; arratsaldean, berriz, baretu eta aldakor ibiliko da.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Elurra Eguneko albisteak Albisteak