Gizartea -
Ikerketa
Ertzaintzak ondorioztatu du foam jaurtigai batek zauritu zuela Villabonako gaztea, "errebotez"
Txostenaren hipotesi nagusia da beste pertsona baten besoan jo ondoren "errebotez" zauritu zutela 16 urteko mutila begian. Ertzaintzaren jokaera protokoloen araberakoa izan zela ere badio txostenak.
EITB MEDIA
Tolosako inauterietan, Xuhar, Villabonako 16 urteko gazteak begian jasandako zauriak goma-aparrezko jaurtigai batek eragindakoa izan zela jasotzen du Ertzaintzak epailearen esku jada utzi duen txostenak.
Hala ere, txostenaren hipotesi nagusia da beste pertsona baten besoan jo ondoren "errebotez" zauritu zutela Xuhar begian.
Ertzaintzaren jokaera protokoloen araberakoa izan zela ere badio txostenak, hau da, jaurtigailua 50 metro baino urrutiagotik bota zuela eta gorputzaren beheko aldera.
Horrenbestez, Ertzaintzak epailearen esku utzitako txostenak errebotearen hipotesia lehenesten du.
Alegia, Tolosan, otsailaren 12ko goizaldean sortutako liskarrak desegitera joan ziren ertzainetako batek foamezko jaurtigaia bota ziola, ertzainen aurka botila bat botatzera zihoan gazte bati. Jaurtigaiak gaztearen besoan jo eta errebotez haren ondoan zegoen Xuharren begian jo eta zauritu zuen.
Goma-aparra jaurti zuen ertzaina identifikatuta dago, eta gau hartan ertzainek jasotako aginduak zeintzuk izan ziren jasota daude.
Villabonako Udalak Xuhar babesteko plataformaren mozio bat onartu zuen atzo, asteazkena, Ertzaintzaren jarduketagatik erantzukizunak argitzeko eskatuz.
Mozioa aurrera atera zen EH Bilduren aldeko 8 botoekin. EAJk eta PSE-EEk, aldiz, horren aurka bozkatu zuten.