Gizartea -

Eskola kirola

Itsasoko eskola kirola bertan-behera Gipuzkoan eta Bizkaian, alerta laranjagatik

Gipuzkoan asteburu osoko jarduerak gelditu dira bertan-behera. Bizkaian, larunbatekoak, eta itsasokoak ez diren jardueretan kontuz ibiltzeko eskatu dute. Bizkaian, halaber, igandean ere tentuz ibiltzeko eskatu dute, haizeagatik ezarritako abisua dela-eta.

Gaurko olatuak Zarautzen. Argazkia: Lorentxo Portularrume Azcue.
Gaurko olatuak Zarautzen. Argazkia: Lorentxo Portularrume Azcue.
Gaurko olatuak Zarautzen. Argazkia: Lorentxo Portularrume Azcue.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiek bertan behera utzi dituzte larunbat honetako Eskola Kirolaren Programaren barruan itsas ingurunean egitekoak ziren jarduera guztiak,  Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak itsasaldeko arriskuagatik aktibatutako alerta laranjaren ondorioz.

Gipuzkoan arraun, piraguismo, surf, arrantza, triatloi eta bela jarduerak bertan behera geratuko dira asteburu osoan zehar.

Marta Pastor Gipuzkoako Kiroletako foru zuzendariak azaldu duenez, erabakia "gure lurraldeari eragiten dioten baldintza klimatologikoei erantzunez hartu da, bereziki haize bortitzari eta horri lotutako itsas arriskuari. Gure gazteen segurtasuna eta ongizatea dira gure lehentasun nagusia". Gaineratu duenez, kirola "gure ikasleen bizitzaren zati integrala da, eta haren garapen fisikoa eta mentala babesten dugu kirol-jardueraren bidez, baina horrelako egoeretan, funtsezkoa da segurtasuna lehenestea".

Bizkaian bertan behera geratu dira larunbaterako programatutako Eskola Kiroleko itsas jarduerak.

Foru erakundeak ohar batean zehaztu duenez, bertan behera utzitako jarduerak hastapenetako eta aisialdiko lehiaketa eta jarduerei dagozkie, hala nola, arrantza, piraguismoa, arrauna, surfa, triatloia, bela eta hondartzako volley-a.

Halaber, igande honetarako, otsailaren 25erako, haizeagatik ezarritako abisu horia ikusita, Bizkaiko Foru Aldundiak Eskola Kirolaren Programako gainerako jardueretarako arrisku-eremuetatik urruntzea gomendatzen du, erlaitzak, hormak, zuhaitzak edo publizitate-hesiak saihestuz. Era berean, arreta eskatu dute eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen inguruan ibiltzerakoan.

Eskolako kirol-jarduerarako gomendioez gain, Aldundiak herritar guztiei gomendatu die errepideko bidaiak saihesteko eta, halabeharrez bidaiatu behar izanez gero, kontu handiz ibiltzeko. Itsas eremuetan, hondartza inguruetan eta mareak eta olatuek eragina izan dezaketen eremuetatik urrun egotea gomendatzen da, haize zakarra dela eta.

Bizkaiko Foru Aldundiak zuhurtziaz jokatzeko deia egin die herritarrei, eguraldi txarra dela eta. Agintari eskudunen jarraibideei jarraitzeko eta komunikazio-kanal ofizialek emandako eguneratzeei adi egoteko eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Alerta meteorologikoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Eskola kirola Bizkaiko Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundia