Gizartea -
Heriotza
Profila: Juan Maria Uriarte, bakearen alde jardun zuen gotzain emeritua
Urteekin indarra hartu zuen Uriartek bakearen alde hartutako "konpromisoak", eta 1998ko su-etenean jo zuen goia; izan ere, Jose Maria Aznarrek bitartekari hautatu zuen ETAk eta Espainiako Gobernuak Suitzan 1999ko maiatzean egindako bileran.
EITB MEDIA
Fruizen (Bizkaia) jaio zen, 1933ko ekainaren 7an, eta 90 urte zituela zendu da, iktus batek jota. Juan Maria Uriarte Goiricelaya Teologian lizentziatu zen, Comillasko Eliz Unibertsitatean, eta Psikologian, Lovainakoan. Bilboko Apaiztegian hezitzailea izan zen, eta Seminario Nagusian zuzendari espiritual, 1963 eta 1970 artean.
1976ko irailean, Bilboko apezpiku laguntzaile izendatu zuten; hilabete geroago, urriaren 11n, Bizkaiko hiriburuko gotzain, eta 1991n, Zamorako apezpiku. 2000. urtean, Donostiako gotzain emeritu izendatu zuten (Jose Maria Setienen ordez), eta hamar urtez egon zen diozesi horretan, 2010era arte, Eliza katolikoaren hierarkia utzi zuen arte.
Uriartek bakearen alde hartutako "konpromisoa" nabarmena izan da behin eta berriro. 1998ko su-etenean, Jose Maria Aznarrek bitartekari hautatu zuen ETAk eta Espainiako Gobernuak Suitzan 1999ko maiatzean egindako bileran. Kritika asko jaso zituen orduan, eta "distantziakide" izatea ere egotzi zioten batzuek.
Zeregin horietan jarraitu zuen, eta zerikusia izan zuen, besteak beste, su-eten iraunkorra ekarri zuten PSE-EEren eta Batasunaren arteko elkarrizketetan.
2007an, bestalde, Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuarekin hitz egin zuen Iñaki de Juana Chaos ETAko presoari zigorra arintzeko helburuarekin.
2012an, Rafa Diez Usabiaga LABeko buruzagi ohia bisitatu zuen kartzelan. Handik urtebetera, Sabino Arana Fundazioaren saria jaso zuenean, armak uzteko eskatu zion ETAri, eta Espainiako Gobernuari, "espetxe politika leuntzea, prozesua ustel ez zedin".
Radio Euskadiko "Ganbara" saioari 2022ko martxoan eman zion elkarrizketan, Uriartek adierazi zuen ETAk armak utzi zituenetik igarotako denbora ez zela nahikoa euskal gatazka bukatutzat emateko. "Belaunaldiak igaro behar dira horrelako gatazkak ixteko. Adituen ustez, 10 urte ez dira nahikoa bizitako drama gainditzeko", esan zuen. "Armak isildu dira, baina adiskidetzea armen bakea baino askoz haratago doa"; izan ere, "memoria, egia, justizia, elkarrizketa eta barkamena" eskatzen ditu.
Bizitza espirituala
Apaizak "zaintzen" denbora luzea eman zuen Uriartek, eta gogo-jardun asko egin zituen apaiz eta seminaristekin.
Eliz ibilbidean, une gazi-gozoak bizi izan zituen, Bizkaiko Elizak 2023ko ekainean, 90 urte bete zituenean, egin zion omenaldian aitortu zuenez: "Poztasun handiak izan ditut bidean, baina nahigabe asko ere bai".