Gizartea -

SEXU ERASOA

Gizon bat atxilotu dute Azpeitian, bi emakumeri sexu erasoak egitea leporatuta

Ertzaintzak EITB Mediari baieztatu dionez, bi sexu eraso izan ziren Azpeitiko inauterietako Elegante Egunean eta pertsona bat atxilotu dute ustez bi kasuekin zerikusia duelakoan. Udalak elkarretaratzea deitu du eta bertan behera utzi ditu gaurko deituta zituen ekitaldiak.

Elkarretaratzea Azpeitiko plazan. Argazkia: EITB Media
Elkarretaratzea Azpeitiko plazan. Argazkia: EITB Media
Elkarretaratze jendetsua Azpeitian, salatutako bi sexu-erasoak gaitzesteko

0:37

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon bat atxilotu dute Azpeitian (Gipuzkoa) bi sexu erasorekin lotura duelakoan. Ertzaintzak EITB Mediari baieztatu dionez, bi sexu eraso gertatu ziren atzo Azpeitiko inauterietako Elegante Egunean eta gizonezko bat atxilotu dute ustez bi erasoekin zerikusia duelakoan. 

Erasoen berri zan orduko, Azpeitiko Udalak elkarretaratzea deitu du herriko plazan arratsaldeko, 18:30erako, eta bertan behera utzi ditu gaurko zein biharko deituta zituen ekitaldi guztiak. Ohar batean, "gaitzespen gogorrena" agertu, eta emakumeen aurkako indarkeria "egiturazko arazo bat" dela gogoratu du, "emakumeak kontrolpean eta mendean izatea helburu" duena. Ehunka lagunek bat egin dute Udalaren deialdiarekin.

"Indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edo azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Hau da, gizartean hain errotuta dauden generoen gaineko aurreiritziek eragiten dituzte halako ondorio larri eta tamalgarriak dakartzaten gertaerak", dio hitzez hitz testuak.

Halaber, Udalak gehitu du "erasoei aurre egiteko ezinbestekoa" dela "gizon eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea". "Era berean,garrantzitsua da nabarmentzea ez dagoela erasotzaileak definitzen dituen profil espezifikorik. Indarkeria eragiten dutenen ezaugarriak askotarikoak izan daitezke. Beraz, funtsezkoa da estereotipoetan edo orokortzeetan ez erortzea, horrek soilik arazoaren egiturazko izaeraren ulermena mugatzen baitu".

Azkenik, erasoa jasan duten "emakumeek guztion laguntasuna" sentitzearen garrantzian jarri du azpimarra Udalak, erasotzaileek "argi eta garbi" jakin dezaten "guztion artean mugatu egingo dugula beldurra hedatzeko estrategia horren ahalmena". Hori dela eta, "prebentzioan eta sentsibilizazioan" lanean jarraitzeko konpromisoa azaldu du, eta herritarrei dei egin die gaur arratsaldeko bilkuran parte hartzera.

Elkarretaratzea Azpeitian. Argazkia: EITB Media

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere gogor salatu ditu eraso horiek eta "elkartasun eta babes" osoa eskaini die biktimei, senideei eta lagunei.

Azpeitiko Udalak plazaratutako adierazpenarekin bat egitearekin batera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatu du Aldundiak, "horrelako erasoak gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunean, emakumeak kontrolatu nahi dituzten jarrera eta ideia matxistetan oinarritzen direlako".

Hala, emakumeen duintasunaren, sexu-askatasunaren eta ongizatearen aurkako erasoak onartezinak direla berretsi du eta "emakume guztiek aisialdiaz eta harreman sozialez askatasun osoz gozatzeko eskubide osoa" dutela aldarrikatu du.

10 gizonezko atxilotu dituzte asteburuan Hegoaldean, emakumeen kontrako delituengatik

Hamar gizon atxilotu dituzte asteburuan Hego Euskal Herrian, emakumeen aurkako delituren bat egotzita. Bost gizon genero indarkeriagatik atxilotu dituzte, hiru sexu erasoengatik eta bi urruntze aginduak hausteagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Azpeitia albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Inauteriak Euskadin 2024 Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Jaiak Sexu erasoak