Gizartea -

Polizia-operazioa

Joko irregularretik eratorritako dirua zuritzen zuen talde bat desegin dute Bizkaian eta Alacanten

Hiru pertsona atxilotu dituzte eta beste zortzi ikertzen ari dira.

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak joko irregularretik eratorritako kapitalak zuritzen zituen talde bat desegin du Bizkaian eta Alacanten. Guztira, hiru pertsona atxilotu dituzte eta beste zortzi ikertzen ari dira.

Antza denez, sareak profil faltsuak sortzen zituen online apustu-etxeetan, identitatea usurpatuta, eta horiei banku-txartel birtualak lotzen zizkieten, irabaziak usurpatutako identitateekin jaso ahal izateko.

Espainiako Barne Ministerioak jakitera eman duenez, Guardia Zibilak hiru pertsona atxilotu eta beste zortzi ikertu ditu Kalderobiz operazioaren baitan, joko irregularrarretik eratorritako kapitalak zuritzen zuen talde kriminaleko kide izatea egotzita. Kapitalak zuritzea, erakunde kriminaleko kide izatea, ogasun publikoaren aurkako delitua, iruzur egitea eta nortasunak usurpatzea egozten diete.

Ikerketa 2019an hasi zen, dozena bat pertsonak egindako banku-transferentzia susmagarri batzuk atzeman ostean. Orduan jakin zen taldea 2,5 milioi euro mugitzen ari zela Europako hainbat herrialdetan, 2.000 banku-txartel baino gehiago erabiliz horretarako.

Banku-txartel birtualak kontratatzen zituzten Hego Amerikan bizi ziren 1.500 pertsona baino gehiagoren nortasunak erabilita. Sareak dirua transferitzen zuen, eta kontu horietatik kopuru txikiak bidaltzen zituzten Gibraltarko eta Maltako apustu-etxe batzuetara.

Paradisu fiskal horietan ustez online apustu-etxeetan irabazitako kopuru handiak jasotzen zituzten txarteletan, eta horrela lortzen zuten dirua taldearen beste kontu batzuetan "kokatzea".

Talde kriminala Bizkaian eta Alacanten kokatutako bi taldek osatzen zuten. Bizkaiko taldeak finantza eta zerga kontuetan espezializatutako profesionalen aholkularitza jasotzen zuen, eta merkataritza-sozietateak sortzen zituzten, iruzur eginez lortutako irabaziak sozietate horietara desbideratzeko.

Batetik, sozietate-sare bat sortzen zuten, ikertzaileei diruaren arrastoa jarraitzea zailtzeko, eta, bestetik, sozietate horiek Ogasun Publikoari legez kanpoko diru-sarreretatik ordaindu beharreko zergak murriztea lortzen zuten, legezkotasun izaera emanez.

Guardia Zibilak miaketak egin ditu bost etxebizitzatan eta enpresa baten egoitzan, Bizkaian eta Alacanten, eta 56.000 eurotik gora eta tresna elektroniko ugari atzeman ditu, Getxoko 2. Instrukzio Epaitegiaren aginduz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Alacant gaur