Gizartea -

bide segurtasuna

1457 istripu izan ziren iaz Bilbon, 2014tik jazotako kopuru txikiena

Ibilgailuen arteko elkar jotzeak dira istripu ohikoenak, baina harrapatzeak ohi dira larrienak. Iaz 112 pertsona zauritu ziren tankera horretako ezbeharretan.

Udaltzaingoaren kontrol bat. Argazkia: Bilboko Udala
Udaltzaingoaren kontrol bat.
Udaltzaingoaren kontrol bat. Argazkia: Bilboko Udala

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

33 pertsona larri zauritu ziren iaz Bilbon, hiribilduko errepideetan gertatutako 1.547 istripuetan, Bilboko Udalak gaur jakitera eman duen trafiko ezbeharren balantzearen arabera.

Horietako bat, 71 urteko gizonezkoa, hil egin zen istripua izan eta egun batzuetara, baina heriotzaren kausa ezbeharra bera edo beste bat izan ote zen ikertzen ari dira.

Horrez gain, 562 pertsona arin zauritu ziren. 

Udalak ohar batean azaldu duenez, erregistroak daudenetik zenbatutako biktima kopuru txikiena da 2023a (2020ko datua, pandemia urtekoa, kenduta betiere). Ezbehar kopuruak ere behera egiten jarraitzen du, eta 2014tik marka ezarri zuen iazkoak (hemen ere 2020ko eta 2021eko datuak kontuan hartu gabe). 

Istripu gehienak, ia % 60, ibilgailuen arteko elkar jotzeak dira. Harrapatzeak ezbeharren % 7 baino ez dira, baina ondorio kaltegarrienetakoak dituen istripu motetako bat izaten jarraitzen dute. Iaz 109 harrapatze izan ziren Bilbon, eta 112 pertsona zauritu ziren horietan. 

Santo Domingorako bidea, puntu beltza

BI-631 errepidea, Ibarsusi-Agirleta, da, alde handiarekin gainera, istripu gehien erregistratu dituen errepidea: guztira, 49. Tarte handira, honakoak ageri dira: Gordoniz kalea eta  Zumalakarregi etorbidea (biak, 27 istripurekin), Autonomia kalea (25), Kale Nagusia (23) eta Agirre Lehendakariaren etorbidea eta Urkixo zumarkalea (21na ezbehar).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Bilboko Udala Bilbo Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Trafiko istripuen biktimak