Gizartea -
EGURALDIA
Negu gorritik udaberri girora
Asteburuko hotz eta izotzaren ondoren, hego-haizeak giroa erabat epelduko du, 20 ºC-raino, eta bide horretatik joango da aste osoa.
eitb media
Asteburuan Euskal Herri osoan izan dugun hotz handia atzean utziko dugu hego-haizeari esker, eta tenperaturak 20 ºC ingururaino iritsiko dira puntu batzuetan, zeru eguzkitsuek lagunduta.
Gaur, hodei gehiago ikusiko ditugu zeruan, eta isurialde atlantikoan nabarmen igoko da tenperatura. Zerua hodei gutxirekin egongo da orokorrean, behe-hodei batzuekin goizeko lehen orduetan isurialde atlantikoan, eta arratsaldean eta gauean erdi-mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin. Hegoaldeko haizea harrotu egingo da gauean, bolada gogorrekin haizeguneetan. Nahiz eta egunsentian hotz egin, tenperatura maximoak nabarmen igoko dira, bereziki ipar isurialdean, 15-16 ºC inguruko balioekin.
Astelehenean, hodei gehiago ikusiko ditugu. Kantauritik pasatuko den fronte baten muturrak hodeiak ekarriko ditu, bereziki arratsaldean eta gauean, eta orduan euri txikia egin dezake han-hemenka, bereziki kostaldean. Hegoaldean, orokorrean, zerua hodei gutxirekin egongo da. Hego-mendebaldeko haizea nagusituko da, eta zakar ibiliko da haizeguneetan. Arratsaldean, mendebal-ipar-mendebaldera egingo du, tenperaturak igo egingo dira (batez ere minimoak), eta Araba eta Nafarroako tokiren batean soilik egingo du izotza.
Asteartean, udaberri giroa, eguraldi argiarekin eta tenperaturaren igoerarekin. Isurialde atlantikoko hodeiak desagertu egingo dira goizean, eta giro eguzkitsua gailenduko da, goi-hodei batzuekin. Hegoaldean, goizean goizetik egongo da eguzkitsu, nahiz eta egunean zehar goi-hodei batzuk agertu. Hegoaldeko haizea ibiliko da, eta tenperaturak igo egingo dira: balio altuenak 18 ºC ingurukoak izango dira isurialde atlantikoan, eta 14-15 ºC-ren bueltakoak, barnealdean.
Asteazkenetik aurrera, hego-haizea eta giro eguzkitsua nagusituko dira.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb.eus-en, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.