Gizartea -
Hilketa zantzuak
Epaileak artxibatuta zegoen kasuetako bat berriro zabaldu du Bilboko ustezko serie-hiltzailearen auzian
Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren azken ebazpenaren arabera, epaileek uste dute homizidio zantzuak badaudela, eta auzia berriro ireki dute. Gehitu elkarteko abokatuak jarri zuen helegitea eta “begi onez” hartu du berria.
EITB Media
EITB Mediak jakin duenez, homosexualentzako aplikazioko Bilboko ustezko hiltzailearen aferan, artxibatuta zegoen kasuetako bat berriz ireki du epaileak, nahikoa zantzu dagoelako homizidio izan daitekeela pentsatzeko. Auziaren baitan, berriro zabaltzen den bigarren kasua da.
Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren azken ebazpenaren arabera, epaileek uste dute homizidio zantzuak badaudela, eta auzia berriro irekitzea erabaki dute. Gehitu elkarteko abokatuak jarri zuen helegitea eta "begi onez" hartu du berria.
Ebazpen judizialean azpimarratzen denez, 2022ko autopsiaren azken txostenean auzitegiko medikuek esan zuten "bazitekeela indarkeriazko heriotza baten aurrean egotea, beso biluziko itotze teknika erabilita, hildakoak saman zentimetro bateko urradura zuelako".
Ondorioz, ez da aurkitu berezko heriotza iradoki dezakeen patologiarik, eta gertagarriago jotzen da indarkeriazko heriotza baten aurrean izatea.
Horrez gain, ebazpenean sakelako telefonoko informazioagatik Nelson David kokatzen dute biktimaren etxean 2021eko urrian. Davidek hainbat lapurreta egin zizkion. Dirudienez biktima hil eta gero ustezko hiltzaileak biktimaren banketxera deitu zuen kontuko pasahitzak aldatzeko. Gero hainbat diru-transferentzia egin zituen bere alde. Konkretuki, pasahitza aldatuta, 500 euroko bizum bat egin zuen ikertuaren alde, eta 2.000 euroko transferentzia bat.
Ireki berri den kausa hau izan zen Ertzaintzarentzat garrantzitsuena lotura egiteko Bilbon izan ziren antzeko beste gertakari batzuekin.