Gizartea -

COPPERNICUS TXOSTENA

Planetak berotzen jarraitzen du: 2023 inoiz izan den urterik epelena izan da

Klima aldaketa aztertzen duen Coppernicus txostenaren arabera, 2023. urteak albiste txarrak ekarri ditu. Egunen erdia industriaurreko mailan (1850-1900) baino 1,5 gradu gehiago izan ditugu. "Seguruenik 100.000 urtean izan diren tenperaturarik altuenak izan dira", adierazi dute.

Munduko tenperatura 2023an, 1991-2020 aldiarekin konparatuta.
Munduko tenperatura 2023an, 1991-2020 aldiarekin konparatuta.
Munduko tenperatura 2023an, 1991-2020 aldiarekin konparatuta.

IKER GOMEZ DE LA PEÑA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko Coppernicus programak munduko klimak 2023. urtean izan duen portaerari buruzko txostena argitaratu du. Horren arabera, atzean utzi berri dugun urtea, inoizko beroena izan da, eta 1850-1900 aldiarekin alderatuta, 1,5 gradu epelagoa mundu mailan. 2016. urteak zuen marka gainditu du. 

Zehazki, 2023an, munduko batez besteko tenperatura 14,98 gradukoa izan zen. 1991-2020ko batez bestekoa baino 0,60 º beroagoa da, eta industriaurreko maila (1850-1900) baino 1,48 º epelagoa.

Txostenaren arabera, 2023ko egunen erdia baino gehiago, 1850-1900eko maila baino 1,5 gradu beroagoak izan ziren. Gainera, azaroko bi egun, lehen aldiz, 2 gradu beroagoak izan ziren. 

Ikerketaren arabera, ekainetik aurrera erregistratu ziren tenperaturak izan dira 2023 inoiz erregistratu den urterik beroena izatera eraman dutenak. Uztaila eta abuztua izan ziren hilabeterik beroenak, eta iraila 1991-2020ko batez bestekotik gorako desbiderapena izan zuen hilabetea. Azkenik, abendua mundu osoko abendurik beroena izan zen, 13,51 graduko batez besteko tenperaturarekin.

Europari erreparatzen badiogu, adierazleak daudenetik bigarren urterik beroena izan zen 2023a, 1991-2020ko batez bestekoa baino 1,02 altuagoa hain zuzen ere. Hamaika hilabetez, Europako tenperaturak batez bestekoaren gainetik egon ziren, eta iraila inoiz izandako beroena izan da.

Iturria: Copernicus

Ozeanoen tenperatura

Coppernicusen txostena ozeanoen gainazaleko tenperaturaren bilakaeran ere jarri du arreta. Ezohiko tenperaturak izan ziren, eta apirila eta abendua bitartean "errekor mailara iritsiz".

Gainera, 2023 urte txarra izan zen Antartikako itsas izotzaren hedadurarako ere, aurrekaririk gabeko minimoak izan baitzituen.

Azkenik, Coppernucus-ek ohartarazten du karbono dioxidoaren eta metanoaren kontzentrazio atmosferikoek gora egiten jarraitu zutela, eta errekorrera iritsi zirela 2023an. Txostenaren arabera, iaz muturreko fenomeno ugari erregistratu ziren planeta osoan, hala nola bero-boladak, uholdeak, lehorteak eta baso-suteak. Izan ere, 2023rako aurreikusitako baso-suteen ondoriozko munduko karbono-emisioak % 30 igo ziren, batez ere Kanadako baso-suteengatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Europar Batasuna Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Larrialdi klimatikoa albisteak NBEren klimari buruzko goi-bilera