Gizartea -
elkarrizketa Euskadi Irratian
Hiru pertsona ikerketapean eta 14 salaketa aurkeztuta, Errenteriako Gabon zaharreko sutearekin lotuta
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak zehaztu duenez, Ertzaintza suhiltzaileekin batera ari da ikerketa egiten. Kalteak zehazteke daude eta baliteke salaketa gehiago jartzea.
E.G. | EITB MEDIA
Suziri batek eraginda, Gabon Zahar gauean Errenteriako (Gipuzkoa) etxebizitza eraikin baten piztutako sutearen ikerketak aurrera jarraitzen du, eta Ertzaintzak hiru pertsona jarri ditu ikerketapean. Gainera, 14 salaketa aurkeztu dituzte, kalteengatik. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak eman ditu datuok, gaur Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan.
Ertzaintza suhiltzaileekin batera ari da gertatutakoa ikertzen, eta oraingoz, bi ondorio atera dituzte. Batetik, garrak barruko patio batean sortu zirela, eta ondoren, tximinia efektuaren bidez, gora zabaldu zirela. Bestetik, suziri batek eragin zuela sutea. Kalteak zehazteke daude, perituak ez baitira oraindik etxebizitzetatik igaro. Hala, Erkorekak aurreratu du salaketa gehiago izan daitezkeela oraindik.
Deitoratu duenez, "urteroko arazoa" da suzirien eraginez piztutako suteena, eta aitortu du "zaila" dela horiek saihesteko "gehiago egitea", jendeak askotan ez baitu legeak ezarritakoa betetzen.
Beste gai batzuk ere hizpide izan ditu Erkorekak. Izan ere, Sareren kanpaina batean Pirritx, Porrotx eta Marimotos pailazoek eta haur batzuek parte hartu dutela eta sortutako polemikari buruz galdetu diote. Covite eta AVT biktimen elkarteek salatu dutenez, umeak erabili dituzte "ETAren inpunitatearen alde". Ingurumari horretan, EH Bilduk argibideak eskatu dizkio Erkorekari Ertzaintzaren ikerketa dela eta.
Erkorekaren esanetan, Durangoko PPko zinegotzi batek aurkeztu zuen salaketa, eta halakoetan ohi bezala, "ikerketa minimo bat" egin du Ertzaintzak atestatua egin eta Durangoko epailearen esku uzteko. Horren ildoan, argitu du atestatua amaitu dutela eta, dagoeneko epailearen esku ez badago, aurki izango dela. "Bi deliturengatik aurkeztu dute salaketa. Batetik, haur eta nerabeen kontrako delitu bat egiteagatik, eta bestetik, terrorismoa goraipatzeagatik. Ertzaintzak datuak bildu ditu, eta epaileari dagokio horiek kalifikatzea", erantsi du.