Gizartea -
SEXU ERASOA GERNIKAN
Gernikako Sare Feministaren ustez, Lointekeko zuzendaritzak "ezin du egun bakar bat ere segitu"
"Egin duten gauza bakarra Mario Lopez babestea izan da, publikoki zein pribatuki, erasoaren tamaina gutxietsiz, ezjakintasun faltsuaren atzean ezkutatuz", salatu dute. Gainera, Gernika-Lumoko Udalaren ardura falta kritikatu dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gernika-Lumoko Sare Feministak gogor kritikatu ditu Lointek Gernika saskibaloi taldeko zuzendaritzako kideak, Mario Lopez entrenatzaile ohiaren "inpunitatea bermatu" dutelako, eta ez luketela euren postuetan jarraitu behar adierazi du. Era berean, dei egin die "euskal zein Espainiako saskibaloi federazioei, sponsor guztiei, klubeko bazkideei zein dirulaguntza eman edo instalazioak uzten dituzten administrazio publikoei, euren esku dagoena egin dezaten egoera hau ez luzatzeko".
Udaletxe aurrean egin duten elkarretaratzean, 300 bat lagunek bat egin dute mugimendu feministarekin, 'Erasorik eta konplizitaterik ez' zioen pankartaren atzean. Aurreko asteburuan lehertu zen gaia, El Pais egunkariak salatu zuenean 13 urteko neska bati sexu erasoak egin zizkiola Lointek Gernikako entrenatzaile ohi eta egungo kirol zuzendariak.
Iazko ekainean salatu zuen gertatutakoa biktimak Gernika-Lumoko Epaitegietan. Salaketaren arabera, 1998an hasi ziren erasoak, eta hiru urte iraun zuten.
Gaur eguerdian egindako mobiliazioan, Gernika-Lumoko Sare Feministak "kezka eta haserrea" agertu ditu Lointek Gernika taldeak erakutsitako jarreragatik, eta, aitzitik, esker oneko hitzak izan ditu Gernikako herritarrek erakutsitako elkartasunagatik.
Erasoak salatu zituen emakumeari "babes osoa" helarazi ondoren, gogor kritikatu du klubeko arduradunen jarrera, biktima babestu beharrean "gezurretan eta erasotzailea babesten aritu direlako", eta "erasotzailearen hitza eta izen ona beste ezeren gainetik" jarri dutela salatu du Sare Feministak.
"Egin duten gauza bakarra Mario Lopez babestea izan da, publikoki zein pribatuki, erasoaren tamaina gutxietsiz, ezjakintasun faltsuaren atzean ezkutatuz", nabarmendu dute. Zehaztu dutenez, ez zuten ezer egin uztailaren hasieran, Gernikako Sare Feministak jakinarazi zienean "adin txikiko bati egindako sexu erasoen" inguruko kasu bat zutela esku artean, ezta jokalari batzuek Lopez klubetik kentzeko eskatu zutenean ere, ez zirelako seguru sentitzen.
Erasotzailea babestea eta biktima errebiktimizatzea leporatu die mugimendu feministak Lointekeko zuzendaritzari, eta horien jokamoldea ikusita, ezin dutela "egun bakar bat ere euren postuetan segitu", esan die, eurek egin dutena ere "biolentzia" dela iritzita.
Azkenik, Gernika-Lumoko Udalaren jarrera epela ere gaitzetsi dute, "kasua publikoki ezagutu denetik erakutsi duen ardura falta nabarmena" izan baita, euren iritziz. "Udalak ere gertakari larri hauen aurrean erantzun eta erabaki irmoak hartu behar ditu", gaineratu dute.