Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Gernikak bere eginkizunetatik kendu du Lopez, baina berretsi du ez zekitela akusazioa sexu-erasoagatik zela

Saskibaloi-klubak esan du "inoiz inoiz inoiz" ez duela jakin Lopezen aurkako salaketa adingabe bati egindako sexu-eraso jarraitua egiteagatik izan zenik. Mugimendu feministak erasotzailea babestea leporatu dio.

Mario Lopez artxiboko irudi batean.
Mario Lopez artxiboko irudi batean.
Mario Lopez artxiboko irudi batean.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lointek Gernikaren Zuzendaritza Batzordeak baieztatu duenez, Mario Lopez "klubean zituen eginkizun guztietatik kanpo" utzi dute, El País egunkariak adin txikiko bati sexu erasoak egin zizkiola argitaratu eta gero. Albistearen arabera, 13 urteko neska batek sexu-erasoak jasan zituen, hiru urtez, Lopez entrenatzaile zuenean.

"Abenduaren 15ean, ostirala, Espainiako Saskibaloi Federazioak klubari espedientea ireki zuela jakinarazi zionetik, Mario Lopez klubeko eginkizun guztietatik kanpo geratu zen", adierazi du klubak gaur arratsaldean "ezohiko batzarra" egin ostean.

Zazpi puntuko ohar batean, klubak dio gogor gaitzetsi eta arbuiatzen dituela "edozein eremutako jazarpen, abusu edo eraso ekintzak", eta elkartasuna adierazi die "jazarpen, abusu edo eraso ekintzak" jasan dituzten biktima guztiei eta, bereziki, "kasu honen salatzaileari".

Gainera, "erakundearen barruan haurrak eta nerabeak babesteko sistemak indartzeko eta behar diren neurriak hartzeko konpromisoa" hartzen duela iragarri du. Horretarako, Ibon Torrealday Adingabearen Babesaren arduradun berri izendatu dute, eta Juan Carlos Soto del Castillo Araudia Betetzeko arduradun.

Bestalde, mugimendu feministaren kritikei muzin eginez, berriz ere defendatu nahi izan dute El Pais egunkariak informazioa argitaratu arte, Lointek Gernikako Zuzendaritza Batzordeak "inoiz inoiz inoiz" ez duela jakin "salaketa adingabe bati etengabe egindako sexu-eraso baten delituagatik zenik". "Zuzendaritza Batzorde honek ez dauka kasu honen salaketa edo kereila, eta Mario Lopezek helarazi ziguna jazarpen salaketa bat zela da", argudiatu du.

Orain, "hedabideen bitartez, akusazioaren edukia ezagututa, argi dago klubak denboraldiaurrean Mario Lopez kirol arloko barne kudeaketara baztertzeko erabakia hartzea, ez zela nahikoa izan", adierazi dute. "Klubak asko sentitzen du eta barkamena eskatzen du kudeaketa horretan egindako akatsengatik".

Hurrengo egunetan klubaren Ezohiko Batzarrerako deialdia iragarriko du zuzendaritzak, beharrezko azalpenak emateko.

Jokalarien oharra

Lointek Gernikako jokalariek, bestalde, beste ohar bat kaleratu dute, non "edozein motatako indarkeria edota abusu sexualak gaitzesten dituztela" adierazi ondoren, azaltzen duten "23/24 denboraldiaren hasieran Lointek Gernika Bizkaia taldean fitxatu genuenean ez genuen entrenatzailearen egoeraren inguruko ezagutzarik. Salaketa bat zegoela esan ziguten unean ( El Paísen agertutako sexu-erasoen xehetasunik jakin gabe), entrenatzailea baztertzea erabaki zen".

"Jokalariek ez dugu inoiz salaketaren edukiaren berri izan atzo publiko egin zen arte", amaitu dute.

Manifestazioa Gernikan

Hain zuzen ere, arratsaldean manifestazioa egin dute Gernikan kasua eta "erasotzaileari emandako babesa" salatu eta biktimari elkartasuna adierazteko.

Gernikako kolektibo feministak ziurtatu du Lointek Gernika klubak uztailetik zekiela Mario Lopezen aurkako salaketa bat zegoela, adingabe bati sexu-erasoa egitea egotzita, eta orduan eskatu zutela entrenatzaile gisa baztertzeko.

"Zur eta lur geratu gara, hitzik gabe" klubaren erreakzioagatik, izan ere, "lau aldiz bildu gara eurekin gai honi buruz hitz egiteko, eta joan den uztailaren 3tik deiak eta mezuak izan ditugu", salatu dute ordezkari batek, klubak ofizialki atzo jakin zuela esan eta gero.

"Campusa hurrengo egunean amaitzen zela esan ziguten, eta pertsona horrek ez zuela haurrekin lan egingo, lasai egoteko", eta Emakumezkoen Endesa Ligako taldearen entrenatzaile gisa jarraitzen zuela, "bera ordezkatzeko eta bere kategoriarekin beste bat aurkitzeko arazoak zeudelako", azaldu dute.

Salaketa

Salatutako erasoak 1998ko udan hasi ziren, biktimak 13 urte zituenean eta Allende Salazar ikastetxean ikasten ari zenean. Bertan, Mario Lopez entrenatzaile zuen (31 urte zituen eta Lointek Gernika- taldean ere aritu zen), eta hiru urte iraun zuten. Salaketaren arabera, gazteak "bortxaketa bat eta felazio kontaezinak" jasan zituen, baita presioak eta mehatxuak ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gernika-Lumo Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Lointek Gernika Bizkaia Sexu erasoak