Gizartea -
Laugarren edizioa
2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da hurrengo Euskaraldia
Antolatzaileek hizkuntza ohituretan eragiten jarraitu nahi dute, "edizioz edizio ikusi delako ariketa eraginkorra dela eta aldaketak ekartzen dituela".
EITB MEDIA
Euskaraldiaren hiru edizio egin dira jada, eta laugarrenaren prestaketa lanak abian dira. Etortzear dagoen edizioaren inguruko xehetasunak emateko bildu dira, gaur, Donostiako Tabakaleran, Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak: Irati Iciar, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria; Javier Arakama, Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendari kudeatzailea; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; eta Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzailea.
Ediziotik ediziora ariketaren alde teknikoak aztertu, moldatu eta egokitu izan dituzte antolatzaileek, "urtetik urtera ariketa egitea eraginkorragoa izateko". Hain zuen ere, hausnarketa horietatik etorri da, oraingoan, Euskaraldia egiteko garai aldaketa. Laugarren edizioa 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da.
Euskaraldiaren hirugarren edizioa burutu ondoren, balorazioak, ebaluazioak eta aurrera begirako erabakiak hartzeko denbora-tarte bat hartu zuten antolatzaileek. "Euskaraldia proposamen berria eta berritzailea izan zen: aurrez zenbait esperientzien oinarria zuen, baina planteatu zen dimentsioetan, ordura arte, inon horrelakorik burutu gabekoa. Metodologian ere berrikuntza ugari ekarri zituen, eta, bereizki lehen edizioak, aurreikuspen guztiak gaindituta, sekulako astindua eragin zuen Euskal Herri osoan. Astindua bai egiteko moduetan eta baita hizkuntza-ohiturak aldatzeko pausoetan ere", azaldu du Urkijok.
Euskaraldia udaberrian
Eraginkortasun horretan sakontzeko aldatu dute ariketa udaberrira, izan ere, urte sasoi horretan kaleetan jende gehiago ibili ohi da eta bizitasun sozial handiagoa izaten da kalean. "Euskaraldia ariketa soziala den heinean, jendearen arteko interakzioa beharrezkoa da, eta eguraldiak eta aldarteak laguntzen dute horretan", adierazi du.
Garai aldaketak txaparen erabileran eta ikusgarritasunean eragitea lortu nahi dute antolatzaileek, laugarren edizioan. Txapa ezinbesteko elementua da ariketan. Txapak ahalbideratzen du ariketa bera, euskaraz hitz egiteko edo entzuteko jarrera erakusten baitu, eta horrek, estres linguistikoa nabarmen murrizten du; hori ezinbestekoa da ariketa modu erosoagoan egiteko.
Gainera, 2025ean eginda, Korrikarekin urtez urte txandakatzen joango da ariketa. Bi ekintza erraldoi horiei esker euskararen gaia Euskal Herri osoko kaleetara zabaltzea lortu baita.
Euskaraldia eraginkorra da
Euskaraldiaren hiru edizioen inguruan egin diren ikerketek argi erakutsi dute Euskal Herri osoan milaka eta milaka herritarrek beren hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararako jauzia eman dutela Euskaraldiari esker: familian, lagunartean, lantokietan nahiz ezezagunekiko harremanetan. Eta hurrengo edizioan ere horri jarraipena emango diotela aipatu du Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak.