Gizartea -
GABONAK
Iruñeko udaletxeko balkoira aterako da aurten, lehen aldiz, Olentzero
24 arratsaldean, urtero, Olentzeroren Lagunen Elkarteak deituta, kalejira egin ohi da eta 70.000 pertsona inguruk parte hartzen dute. Aurten, lehen aldiz, goizez haurren eskutitzak jasoko ditu udaletxe atarian eta harrera egingo dio gero alkateak.
EITB MEDIA
Lehenbizikoz, eta UPNko Udal gobernuaren gidoi aldaketa nabarmenarekin, aurten Olentzero Iruñeko udaletxeko balkoira aterako da haurrei Eguberri onak opatzera, abenduaren 24 goizean.
Sekula ez da gertatu. Are gehiago, UPNko udalek hainbat urtetan auzoetako Olentzeroren desfileak debekatu edo oztopatu izan dituzte. Aurten, baina, Cristina Ibarrola alkateak esan du Udalak balioan jarri nahi zuela "urtero, kalejiran, 70.000 lagunek parte hartzea".
Aurten, gainera, hezur-haragiko ikazkina izango da, eta ez panpina. Olentzerok haurren gutunak jasoko ditu udaletxe atarian, barrura sartu eta balkoira atera aurretik.
Erabateko aldaketa, Joseba Asiron alkate ohiak, lehenengoz, Olentzerori Udaletxe plazan, karrikan, harrera egin zionetik.
Ekitaldi hau Olentzeroren Lagunen Elkartearekin adostu da, eta tradizionalki hilaren 24an arratsaldez egiten den kalejiraren osagarri izango da. Kalejira udaletxe plazatik pasako da eta alkateak berriz ere harrera egingo dio.