Gizartea -
Klima aldaketa
2023a inoizko beroena izango da, Copernicusen arabera
Europar Batasunaren Lurraren Behaketarako programak zehaztu duenez, aurtengo batez besteko tenperatura industrializazioaren aurreko garaian baino 1,46 gradu altuagoa izan da. Udazken borealak (irailetik azarora doana) eta azaroak berak ere marka guztiak hautsi dituzte.
Agentziak | EITB Media
Aurtengo urtarriletik azarorako batez besteko tenperatura inoizko altuena izan da, eta hortaz, erregistroak daudenetik urterik beroena izan daiteke 2023a, Copernicus Europar Batasunaren Lurraren Behaketarako programak ohartarazi duenez.
Tarte horretako batez besteko tenperatura industrializazioaren aurreko garaian (1850-1900) baino 1,46 gradu altuagoa izan da eta 2016an (orain arte, urterik beroena izan dena) baino 0,13 gradu altuagoa, jakinarazi du Bonnen (Alemania) egoitza duen institutuak.
"2023ko sei hilabetetan markak hautsi dira, baita bi urtarotan ere", adierazi du Samantha Burgess Copernicus programaren Klima Aldaketarako Zerbitzuaren (C3S) zuzendariordeak.
"Azaroan izandako aparteko tenperaturak tarteko, inoizko beroa izango da 2023a. Azken hilabetean bi egun egon dira 1850-1900 epean izandako batez besteko tenperatura baino 2 gradu gehiagorekin", nabarmendu du.
Aurtengo udazken boreala —irailetik azarora doan aldiari dagokio— inoizko beroa izan da, 15,3 graduko batezbestekoarekin, batez besteko tenperatura baino 0,88 gradu gehiago.
Era berean, azaroan ere marka guztiak hautsi dira 14,22 graduko batezbestekoarekin, 1991-2020 aldian baino 0,85 gradu gehiagorekin, eta orain arte inoizko beroena izan den azaroan (2020koa) baino 0,32 gradu gehiago. Azken hilabete horretan, I¡itsasoko tenperatura ere inoizko beroena izan da, 2015an baino (orain arteko errekorra) 0,25 gradu gehiago.
"Negutegi efektuko gasek igotzen jarraituz gero, ezin dugu beste daturik espero", ohartarazi du Carlo Buontempo CS3ko zuzendariak. "Tenperaturak gora egiten jarraituko du, baita bero-boladen eta lehorteen eraginek ere. Zero netoa lehenbailehen lortzea da gure helburu klimatikoak lortzeko estrategia eraginkorrena", erantsi du.