Gizartea -
Atxiloketa
Juan Jose Ballesta aktorea atxilotu dute indarkeria erabilita lapurreta bat egitea egotzita
Gertakariak atzo goizean jazo ziren. Aktoreak ezagun batekin eztabaida izan zuen, eta kolpeka amaitu omen zuten. Ostean, 50 euro eta jaka ostuta alde egin zuen. Ez da hau Ballestak zabalik duen auzi bakarra, izan ere, sexu eraso bategatik ikerketapean dago.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Poliziak Juan Jose Ballesta aktore espainiarra atxilotu du pertsona bati eraso eta lapurreta egitea leporatuta, polizia iturriek jakinarazi dutenez.
Gertakariak atzo 08:00ak aldera jazo ziren, Madrilgo Hortaleza barrutian. Aktorea ezagun batekin geratu zen eta eztabaidan hasi. Antza, elkar jotzen amaitu zuten biek ala biek.
Lagunari 50 euro eta jaka bat ostu omen zizkion, eta ondoren, auto batean egin zuen ihesi. Handik ordu batzuetara aurkitu eta atxilotu zuten agenteek, indarrez egindako lapurreta egotzita.
Gauan polizia-etxean eman du, eta gaur igaroko da epailearen aurrera.
Beste auzi batean ere nahasita dago aktorea. Izan ere, Parlako (Madril) 4. zenbakiko instrukzio epaitegiak ikerketapean du udan sexu eraso bat egin zuelakoan.
Epaileak badaezpadako neurririk gabe utzi zuen aske, biktimaren testigantzan "kontraesanak" zeudela argudiatuta. Dena dela, urtarrilean psikiatra baten txostena aztertu behar du epaileak, emakumearen testigantza egiaztatzeko.