Gizartea -
Trafikoa
Bukatu dira pilaketak AP-8an, Deban, eta N-634n, Iurretan
Goiz korapilotsua izan da gaurkoa EAEko errepideetan, eta gutxienez bost istripu izan dira lehen orduetan. Larriena N-634 errepidean jazo da. Hiru pertsona zauritu dira ezbeharrean, horietako bat larri. Bidea itxita egon da ia hiru orduz.
eitb media
Euria dela eta, gorabehera askoko goiza izan da gaurkoa EAEko errepideetan. Lehen orduotan, gutxienez bost istripu izan dira, Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez. Larriena N-634 errepidean jazo da, Iurretan (Bizkaia). Errepidea guztiz itxi dute, eta hiru pertsona zauritu dira, bat larri.
Ezbeharra 07:00ak baino minutu gutxi lehenago izan da, Donostiako noranzkoan zihoazen hiru ibilgailuk talka eginda. Ondorioz, bi noranzkoetan zarratu dute bidea, eta kilometro pasatxoko ilarak sortu dira. Zirkulazioa A-8tik bideratu dute. 10:00etan berrezarri dute zirkulazioa.
Hiru pertsona zauritu dira istripuan, eta horietako bat Gurutzetako Ospitalera eraman dute, larri. Besteak Galdakaoko Ospitalera eraman dituzte.
Apur bat geroxeago (07:40) beste istripu bat gertatu da AP-8an, Deban (Gipuzkoa), Bilboko noranzkoan. Bost ibilgailu egon dira nahastuta, eta, zauritutakorik izan ez bada ere, ilara luzeak sortu dira, errei bat itxi baitute.
Lurralde berean, Bergaran, hainbat ibilgailuk talka egin dute AP-1ean, Gasteizko noranzkoan.
N-1ean, Andoainen, Gasteizko noranzkoan, beste istripu bat gertatu da, eta ilarak sortu dira.
Azkenik, auto bat bidetik atera da Donostiako saihesbidean (GI-20), Anoeta parean, Lasarte-Oriako noranzkoan. Errei bat itxi dute, eta pilaketak sortu dira han ere.