Gizartea -

Lasterketaren eraginak

Boulevard zumardia eta beste hainbat kale itxita egongo dira igandean, Behobia-San Sebastian lasterketagatik

Kirol probak eragina izango du, halaber, autobusen ibilbide eta geltokietan, TAO zerbitzuan eta lurrazpiko aparkalekuetan. Hori horrela, hiriburura garraiobide publikoan joateko gomendatu du Udalak.

Behobia-San Sebastian lasterketako aurreko edizio bat. Argazkia: EFE
Behobia-San Sebastian lasterketako aurreko edizio bat.
Behobia-San Sebastian lasterketako aurreko edizio bat. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiak Behobia-San Sebastian lasterketa hartuko du igandean, hilaren 12an, eta, ohi bezala, kirol probak eragina izango du hiriko trafikoan, garraio publikoan eta aparkalekuan. Aipagarrienen artean, Boulevard zumardia itxita egongo dela Legazpi kaletik, larunbateko 05:00etatik igandeko 17:00etara. 

Hori horrela, Udalak garraio publikoa erabiltzea aholkatu du. Euskotrenek eta Renfek, esaterako, zerbitzu bereziak eskainiko dituzte. 

Donostiako Udalak ohar batean jakinarazi duenez, Boulevard zumardia eta beste zenbait kale eta etorbide itxita egon dira hainbat orduz. Zehazki, Peñaflorida kalea mota guztietako ibilgailuetarako itxita egongo da 05:00etatik 17:00ak arte. Lasterketa amaitu arte, ibilgailu partikularrak (bertakoak izan ezik) ezin izango dira Boulevardera sartu Askatasun hiribidetik.

Zurriola hiribidea ere, Lapurdi plazatik, zarratuta egongo da 08:30etik 09:00etara, azken kilometroko arkua muntatu ahal izateko. Egoera bertsuan egongo da, 09:30etik desmuntatze lanak amaitu arte (15:15ean, gutxi gorabehera).

Bestalde, 09:30etik 15:00etara lasterketaren ibilbidea errazteko asmoz, mugikortasun agenteek itxi egingo dituzte erdialderako norabidea duten honako kaleak: Jose Elosegi, Ategorrieta, Nafarroa, Zurriola eta Boulevard. Hiriko irteeretan ez da aldaketarik izango, eta gainerako bideak irekita egongo dira. 

Ulia pasealekuko bizilagunak, 09:30etik 13:00etara, Mendiola bidetik Herri Ametsa ikastolara joan beharko dira, eta bertatik, Bidebietara.

Halaber, gomendagarria da hiriaren ekialdetik atera nahi duten herritarrek edo Altzara joan nahi dutenek, Intxaurrondotik, Otxoki pasealekua eta saihesbidea erabiltzea. 

Lasterketa hurbildu ahala, erabat eragotziko zaie ibilgailu mota guztiei zirkuituan sartzea edo hura zeharkatzea. Hiriaren erdialderako sarbideak, une batzuetan, San Martin kaletik egongo dira itxita, eta, beste batzuetan, Askatasunaren hiribidetik.

Zirkulazio aldaketa horiek direla eta, garraio publikoko lineetako geraleku eta ibilbide asko ere aldatu behar izango dira, batez ere hiriaren ekialdekoak.

Aparkalekuak

Hiriko aparkalekuetan ere eragina izango du lasterketak. Hori horrela, TAO 1-1 sektoreko aparkaleku-bereizgarria duten egoiliarrek baimena izango dute hiriko gainerako sektoreetan aparkatzeko, baldintza berdinetan. Baimen hori ostiraletik astelehenera egongo da indarrean. Dena dela, egoiliar horiek ezin izango dute ibilgailua dohainik aparkatu ordainketa nahitaezkoa den guneetan (15 eremuko guneetan), araututako ordutegiaren barnean.

Bestalde, lurrazpiko aparkalekuen egoera honakoa izango da: Boulevardeko parkingeko erabiltzaileak Boulevard-Hernani bidetik prestatutako erreitik irten ahal izango dira egun osoan. Sarrera, baina, debekatuta egongo da 09:45etik 14:30era. Kursaalari dagokionez, ibilgailuen irteera Nafarroa hiribiderantz izango da 10:30 arte, baina korrikalariek lehentasuna izango dute. Erabiltzaileak ezingo dira irten 10:30etik 14:30era, gutxi gorabehera. Okendoko aparkalekuan, Argentinako Errepublikara sartzeko aukera 09:45ean etengo da. Okendo kaleko irteera 10:30etik aurrera itxiko dute, eta, ordu horretatik aurrera, irteera Argentinako Errepublikatik egingo da kontrako bidetik, Espainia plazaraino. Azkenik, Kontxan, Andia kaleko sarbidea 05:30ean itxiko dute. Askatasunaren hiribideko sarrera eta irteera irekita egongo dira egun osoan zehar.

Aldaketak autobus zerbitzuan

Era berean, eta lasterketa ekialdetik etorriko denez, garraio publikoko autobus guztiak (Dbus, Ekialdebus eta Lurraldebus) Zubiaurre pasealekutik hurbilduko dira Jai Alairaino, Galtzara Nagusira eta Kolon pasealekura, eta Mirakruz gainerantz, Mirakruz kaletik edo/eta Zubiaurre pasealekutik.

Lasterketa bukatu ahala, 15:00etatik aurrera gutxi gorabehera, ibilbide eta geraleku guztiak bere ohiko lekura itzuliko dira, Boulevardeko geralekuak izan ezik (17:00etatik aurrera, espero da). 

Azkenik,  04:00etatik 07:00etara taxien geltokia Boulevard zumarkalearen 3.era eramango dute (Altzako 13 autobusaren geltokia), eta 07:00etatik aurrera ez da zerbitzurik izango Boulevardean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Behobia-Donostia Donostia Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Beste kirol batzuk TAO Garraio publikoa Gros auzoa