Gizartea -
Bizkaiko Auzitegia
Hasi da hitzorduak egiteko app batean ezagutu zuen gizon bat hiltzen saiatu zen akusatuaren aurkako epaiketa
Hiru egunez egingo dute epaiketa, asteazkenera arte. Fiskaltzak 9 urteko kartzela-zigorra eskatzen du hilketa saiakera egotzita; Gehituk, berriz, 17 urtekoa, sexu diskriminazioa eta lesio delituak erantsita.
EITB MEDIA
Hitzorduak egiteko aplikazio baten bidez gizon bat ezagutu eta hura hiltzen saiatzeagatik akusatu zuten gizonezkoaren kontrako epaiketa hasi da gaur, astelehenarekin, Bizkaiko Auzitegian.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, hilketa saiakera egotzita epaituko dute. Bilbon izandako antzeko beste kasu batzuekin ere lotzen dute, baina astelehenean hasiko den epaiketa horretan hilketa saiakera bat egongo da auzipean.
2021eko abenduaren 17an Bilboko Zazpikaleetan jazo zen erasoa epaituko dute. Ustez, hitzorduak egiteko erabiltzen den aplikazio baten bitartez geratu ziren akusatua eta biktima, elkartzeko. Fiskaltzaren arabera, ustezko erasotzailea biktima itotzen saiatu zen, baina indarka aritu ostean, biktimak etxetik ihes egitea eta laguntza eskatzea lortu zuen, zaurituta zegoen arren. Hori dela eta, fiskalak 9 urteko kartzela-zigorra eskatuko du akusatuarentzat.
Gehitu elkarteak (herri-akusazioa osatuko du) 17 urte, 11 hilabete eta 29 eguneko kartzela-zigorra eskatuko du, hilketa saiakeraz gain, lesio delitua ere badagoela uste baitu. Gainera, erasoa sexu diskriminazioagatik egin izana astungarritzat hartzeko eskatuko du.
Akusatua 2022ko maiatzean atxilotu zuten, horrelako beste kasu batzuekin lotuta. Hain zuzen ere, Bilbon izandako beste hiru hilketarekin zerikusia duela uste dute.