Gizartea -

Ikuspegiren barometroa

EAEko herritarren % 95ek ez dute immigrazioa arazotzat jotzen

Dena den, Ikuspegiren aurtengo txostenak erakusten du tolerantzia maila hiru puntu jaitsi dela iaztik EAEn. "Behin Ukrainako gerragatik piztutako gizarte larrialdia desagertuta, 2021eko datuetara itzuli gara", dio txostenak.

Tolerantzia indizearen garapena
Tolerantzia indizearen garapena
Tolerantzia indizearen garapena

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak urteko barometroa aurkeztu du gaur; euskal gizarteak atzerritarrekin dituen jarrerak eta iritziak aztertzen dituen azterketa soziologikoa. 

Horren arabera, prezioen igoera eta langabezia dira Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren kezka nagusiak. Horrenbestez, immigrazioa ez dute arduren artean, salbuespenak salbuespen. Izan ere, soilik gizartearen % 1,7k hartzen du arazo pertsonaltzat, eta % 4,7k uste dute EAErentzat kaltegarria dela —orain arte neurtutako kopuru txikienak dira—.

Dena den, Ikuspegiren aurtengo txostenak erakusten du tolerantzia maila hiru puntu jaitsi dela iaztik, EAEn. "Behin Ukrainako gerragatik piztutako gizarte larrialdia desagertuta, 2021eko datuetara itzuli gara, alegia, pandemia hasi aurreko garaietara", dio txostenak.

Urteen poderioz, lortu da EAEko herritarrek positibotzat jotzea etorkinek lan merkatuari egindako ekarpena. Gizarteratze gaietan, aldiz, jarrera ez da hain baikorra, "iritzi orokortua delako etorkinak direla euskal ohituretara moldatu edo egokitu behar direnak".

Sarri entzuten da, halaber, etorkinek gizarte babeserako sistemaren gehiegizko erabilera egiten dutela, nahiz eta datuek kontrakoa erakusten duten. EAEko herritarrek ez dute begi onez ikusten etorkinak kanpoan uzten dituen sistema esklusibo bat garatzea. Gainera, indartu egin da beste herrialde batzuetatik iritsitakoen oinarrizko eskubideen defentsa, batik bat osasunari, hezkuntzari eta arreta juridikoari dagokienez.  

Txostenak erakusten du, 2016ko eta 2023ko datuak alderatuta, herritarrek geroz eta integratuago ikusten dituztela etorkinak, haien jatorria gorabehera.

Errefuxiatuak hartzeko prest dauden pertsonen kopuruak, ostera, behera egin du. Ukrainako gerra hasi zenean gizartearen erdia zegoen, gerratik ihesi, herrialdea utzi behar izan zuten pertsonak etxean hartzeko prest; orain, aldiz, % 37.4

Txostenaren aurkezpenean, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak ikerketaren "argi-ilunak" hartu ditu mintzagai. Era berean, Ukrainako gerratik alde egin nahian zeuden pertsonekin EAEko herritarrek erakutsitako jarrera goratu du, baina gogora ekarrita Afrikan ere "hamaika gatazka armatu" daudela eta handik ihes egin nahian daudela milaka lagun.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak