Gizartea -

Zaldibar

Jaurlaritzak "berehala" esku hartuko du Zaldibarko zabortegian, lursailaren ezegonkortasunarekin kezkatuta

Nagusiki, Jaurlaritzak egiaztatu du Verterrek, —gaur egun konkurtsopean dago—, ez dituela administrazioaren eskakizunak bete, eta, ondorioz, egonkortasun baldintzak kaskartu egin direla.

Zaldibarko zabortegiaren irudia
Zaldibarko zabortegiaren irudia
Zaldibarko zabortegiaren irudia

0:27

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaldibarko zabortegiaren egonkortasunari buruzko txostenean jasotako ondorioen berri eman dio Gobernu Kontseiluari Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak gaur, asteartearekin. Nagusiki, egiaztatu dute Verterrek, —gaur egun konkurtsopean dago—, ez dituela administrazioaren eskakizunak bete, eta, ondorioz, egonkortasun baldintzak kaskartu egin direla.

Tapiak jakinarazi duenez, atzo jaso zituzten ikerketaren emaitzak. Txostenak erakusten du, besteak beste, mantenu lanak ez dituztela behar bezala egin, eta zabortegiaren zigilatzeak egonkortasunean eragina izan dezakeela. Horrek euri gutxiko garaietan arazorik ez dakarrela onartu du, baina epe luzera bideragarri ez dela iritzita. Ildo horretan, administrazioaren lehentasuna da segurtasuna denbora luzerako bermatzea, baldintza meteorologikoak gorabehera.

"Egonkortasunarekin lotutako ikerketaren ondorioak ikusita, Jaurlaritzak esku hartzea erabaki du", adierazi du. Hartara, Tapiaren arabera, bi edo hiru hilabeteko epean prest egongo da behin-behineko xafla, eta horrek 5-6 urterako inpermeabilizazioa bermatuko du.

"Arrisku egoera batean egoteak ez du esan nahi gaur edo bihar arazo bat egon behar denik, arriskua euri kantitatearekin eta maila freatikoarekin lotuta baitago", erantsi du. (750.000 euro inguruko kostua izango du xafla ezartzeak.)

Bukatzeko, sailburuak zehaztu du administrazioak egindako eskakizunak ez betetzeagatik, zehapen espedienteak irekiko dituztela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zaldibar Lur-jausiei buruzko albisteak Durangaldea albisteak