Gizartea -

Kilometroak 23

Dena prest Orereta-Errenterian, Gipuzkoako ikastolen festa handirako

Igande honetan, 'Erriola' lelopean ospatuko da Kilometroak Eguna. Lau gune eta hiru azpigunetan banatuta, egun beteko egitaraua prestatu du Orereta Ikastolak, urte osoko lanari amaiera borobila emateko asmoz.

Kilometrotako unitate didaktikoaren aurkezpena. Argazkia: Kilometroak.
Kilometrotako unitate didaktikoaren aurkezpena. Argazkia: Kilometroak.
Kilometrotako unitate didaktikoaren aurkezpena. Argazkia: Kilometroak.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Orereta Ikastolako hezkuntza komunitatea eta Orereta-Errenteria osoa prest da igande honetan, urriaren 1ean Kilometroen Eguna hartzeko. 'Erriola' lelopean azken urtebetean garatu duten Kilometroak Urteari behar bezalako amaiera eman nahi diote hala. 47. Kilometroen jaia izango da aurtengoa.

Horretarako herritarrei eta Oreretara-Errenteriara hurbilduko diren euskaltzale guztiei egunaz gozatzeko askotariko egitaraua prestatu dute. 

Errioari jarraituta, lau gune nagusitan banatu dute ibilbidea, eta gune horien izenetan bildu dituzte errioak Orereta-Errenterian lotzen dituen bi errealitateak: "errioak ureztatzen dituen lurrak eta haren bazterrean sortu diren olak eta fabrikak; urbanoa eta ez urbanoa, Manchester Txikia eta baserria". Lino (Agirre Lehendakariaren plaza), Esmalteria (Koldo Mitxelena plaza), Galletera (Gernika plaza) eta Errioa (Iztieta pasealekua) dira lau gune horiek. Gune nagusiez harago, jende mareak ibiliko dira herrian zehar, animazioak lagunduta, ekitaldi batetik bestera. Eta ondorioz, azpiguneetan ere hitzordu andana izango dira. Besteak beste, Zamalbide, Alhondiga eta Haurren Errioa galduezineko guneak izango dira. Gainera herriko enparantzan ere izango da zertaz gozatua. 

Lekuonako Zubian abiatuko da, 10:00etan, hasiera ekitaldi instituzional ibiltaria, eta Zumarditik eta Linotik pasata, Zamalbide gunean amaituko da. Ondoren, 11:00etan hasiko dira, halaber musika, dantza, tailer, animazio eta bestelakoak ere. 

Egitaraua

Garraio publikoa erabiltzeko deia

Antolakuntzatik dei egin dute Kilometroen Egunera garraio publikoan joateko, Euskotren, Lurraldebus edo Renfe erabilita. Halaber, garraio publikoz hurbildu ezin dutenentzako bi aparkaleku nagusi jarriko dira, Pasaiako Portuan bat eta Txirrita-Maleo industrialdean bestea. Autokarabanentzako gunea Agustinak auzoan kokatuko da.

Kilometroak planoa.

 

Urte osoko lanari amaiera

Euskara eta euskal kultura eskertza eta komunitatea izan ditu Orereta ikastolak zutabe urtarriletik hona antolatu dituen hamaika ekimenetan. KMK Txikia, Euskaldunon Egunkariaren itxieraren eta Berriaren jaiotzaren 20. urteurrena ospatzeko astea, euskara batuaren sortzaileei eta euskara batuari berari gorazarre egiteko giza katea, 12 orduko kulturmaratoia, "Adaxka Berriak" ikuskizuna Ziburuko eta Hendaiako ikastolekin batera, Urmuga jaialdiaren baitan egindako mendi ibilaldia, patatxa gaineko zuzeneko musika emanaldia eta "Gure Añabitarte" kontzertua, besteak beste. Erriolak ekarritakoen artean ere, noski 'Erriola' kanta, Jon Maia bertsolarien hitzekin eta Janus Lester taldearen musikarekin sortua. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Kilometroak Gipuzkoa Gizartea Gaurko titularrak Errenteria bideoak Albisteak Hezkuntzako albisteak 2024