Gizartea -

Udako Trafiko Operazioa

Nazioarteko trafikoa eta lurralde mugakideetarako joan-etorriak ugaritu egin dira uda honetan EAEn

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren udako irteera-itzulera operazioaren lehen balantzearen arabera, "ohiko auto-ilarez harago", "arintasuna" nabarmendu da euskal errepideetan. Istripuen kopuruak behera egin arren, hamar lagun hil izana deitoratu du.

Bi ertzaina irteera operazioan. EFE.
Bi ertzaina irteera operazioan. EFE.
Bi ertzaina irteera operazioan. EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadi zeharkatzen duen nazioarteko trafikoak % 3,15 egin du gora uda honetan, aurreko urteko datuekin alderatuta; halaber, probintzia mugakideetara egindako joan-etorriak ere % 2 igo dira. 

Hala jasotzen du Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak ostiral honetan egindako Udako Irteera-Itzulera Operazio Bereziaren lehen balantzeak. Estibaliz Olabarri Gonzalez Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak azpimarratu duenez, "ohiko auto-ilarez harago", "arintasuna" izan da nagusi uda honetan euskal errepideetan.  

Iraileko datuen faltan, Trafikoaren kalkuluen arabera, uda honetan (ekaina eta iraila bitartean), ibilbide luzeko joan-etorriak 3.920.000 izan dira, hau da, Euskadiko errepide-sarea 1.960.000 ibilgailuk zeharkatu dute joaneko bidaietan eta beste hainbestek itzulerakoetan. Aurreikusitakoak baino apur bat gehiago dira. 

Nazioarteko trafikoaren igoera hori batez ere Gipuzkoan nabaritu da, bereziki Biriatuko ordainlekuan eta itzuleran, abuztuko azken bi asteburuetan eta iraileko lehenengoan.

Probintzia mugakideetarako joan-etorriek ere gora egin dute 2022ko udako datuekin alderatuta: Kantabriarako noranzkoan % 2,25 egin dute gora, Burgos-Madrilerako noranzkoan % 2,75 eta Nafarroarako noranzkoan % 1,80. 

Ohikoa denez, bai irteera-operazioan, bai itzulera-operazioan, auto-ilarak izan dira berriro ohiko lekuetan: Armiñongo lotunean (Araba), Bizkaia eta Kantabria arteko mugan (Bizkaia), eta AP-8an, Irungo eta Biriatuko ordainlekuetan (Gipuzkoa).

Armiñongo lotunean eta AP-1/N-622 lotunean, Gasteizerako noranzkoan, eta N-622/A-1 lotunean, Burgos-Madrilerako noranzkoan, Jaurlaritzak abian jarritako operazio bereziek trafikoa arintzen lagundu dute joan-etorri ugariko garaietan. 

Ezbehar-tasa

Iazko udarekin alderatuta, istripuen tasa % 2 jaitsi den arren, uztailean eta abuztuan Euskadin hamar pertsona hil dira (bederatzi Gipuzkoan eta bat Bizkaian), 2022ko aldi berean baino bat gutxiago. Hildakoetako bi oinezkoak ziren, beste bi motor-gidariak eta gainerakoak autoen edo bestelako ibilgailuen gidariak.

Guztira 1.067 istripu gertatu dira, 2022an baino 18 gutxiago: 374 Gipuzkoan, 451 Bizkaian eta 242 Araban.

Aurten, orain arte, 26 pertsona hil dira EAEko errepideetan: sei motorrean zihoazen, bat bizikletan, bost oinez eta gainerakoak autoetan.

Trafiko zuzendariak "arreta handiz ibiltzeko eta bideen erabiltzaile guztiak ahalik eta gehien errespetatzeko" eskatu du, "bereziki kolektibo kalteberak, hau da, txirrindulariak, motozaleak eta oinezkoak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Uda