Gizartea -
Garraio publikoa
Renferen urte amaiera arteko doako abonuak gaur sartu dira indarrean
Epealdi aldaketari begira, informazio-sistemak eta -guneak indartu dira, erabiltzaileei abonu berriak erosi behar dituztela gogorarazteko, gaurtik aurrera ezin baitira erabili bigarren lauhilekokoak.
Agentziak | EITB Media
Gaur sartu dira indarrean urteko azken lauhilekoari dagozkion Renferen doako abonu berriak, aldirietako nahiz distantzia ertaineko trenetarako, eta abenduaren 31ra arte bidaiatzeko aukera emango diete erabiltzaileei.
Renfek atzo emandako datuen arabera, 240.000 doako abonu berri eman dira datozen lau hilabeteetarako: 140.000 aldiriko abonuak eta 100.000 distantzia ertainekoak.
Epealdi aldaketa horri begira, informazio-sistemak eta -guneak indartu dira, erabiltzaileei abonu berriak erosi behar dituztela gogorarazteko, gaurtik aurrera ezin baitira erabili bigarren lauhilekokoak.
Izapideak arintzeko, aldirietarako eta distantzia ertzainetarako abonuak Renferen aldirietarako aplikazioaren bidez eros daitezke; distantzia ertainetarakoak, berriz, operadore publikoaren webgunean eta ohiko salmenta-kanaletan.
Avant tren-zerbitzuetarako % 50eko deskontua mantentzen da abonuetan; berdin, Avant abonu baten baldintza berberekin funtzionatzen duten Zerbitzu Publikoaren Obligazio (OSP) deklaratu diren abiadura handiko beste ibilbide batzuen kasuetan.
Abonua eskuratzea doakoa bada ere, 10 euroko fidantza ordaindu behar da aldirietako abonua erosteko, eta 20 eurokoa distantzia ertainetarakoa eskuratzeko. Fidantza hori itzuli egingo da epea amaitu aurretik gutxienez 16 bidaia egin badira.
Renfek 14 urtetik beherakoentzako abonua ere sortu du distantzia ertainetarako; tutoreak eskatu ahal izango du (IFZ, AIZ edo pasaportea erabiliz), pertsonako gehienez lau abonu.