Gizartea -

ESPETXE POLITIKA

Gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak hartzeko lehen zentroa zabaldu dute Bizkaian

Abuztuaren 2an zabaldu zuten, eta, oraingoz, bi preso bizi dira bertan. Bilboko Elizbarrutiko Kartzela Pastoraltzaren Bidesari erakundeak kudeatzen du. Euskal espetxe eredua garatzeko bidean emandako urratsa dela esan du Jaurlaritzak.

Preso gaizoak hartzeko zentroa
Preso gaizoak hartzeko zentroa
Preso gaizoak hartzeko zentroa

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak hartzeko lehen zentroa zabaldu dute Bizkaian. Abuztuaren 2an zabaldu zuten, eta bost plaza ditu. Egun, bi pertsona bizi dira bertan. Hirugarren gradura igarotzeko baldintzak betetzen dituzten presoak dira, baina ez dute senide edo gertukoen babesik duten mendekotasun egoera artatzeko. 

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak jarri du martxan proiektua, Eusten goiburupean, eta Bilboko Elizbarrutiko Kartzela Pastoraltzaren Bidesari erakundeak kudeatzen du. Espetxeen kudeaketa bere gain hartu zuenetik, Jaurlaritzak ezarri nahi duen euskal espetxe ereduaren barruan kokatu dute egitasmo berria. Nerea Melgosak zuzentzen duen Sailak 500.000 euro bideratu ditu hori irekizeko.

Ohar baten bidez azaldu dutenez, zentroa "trantsizioko baliabide bat" da, gaixorik dagoen pertsona Osasun Sailak eta foru aldundiek garatutako "sistema soziosanitarioan behin betiko sartu aurreko urratsa", nolabait. Presoak bertan igaroko duen denboraren iraupena ezarrita duen zigorraren eta bere osasun egoeraren araberakoa izango da. Halaber, baliabide hau erabiltzen duen pertsonak "konpromisoa" hartu beharko du zenbait betebehar betetzeko, hala nola "gizarte prozesuan inplikatzea, bizikidetza-arauak betetzea eta jarduera komunetan parte hartzea".

Bidesari erakundeko langileek arreta "integrala eta jarraitua" eskaintzen dute zentroan, eta presoei "prozesu pertsonalak" eskaintzen zaizkie euren "bizitzako azken zikloan". "Jaurlaritzak arrazoi humanitarioetan oinarritu du lehen zentro hori ireki izana, uste baitu espetxean inork ez dituela igaro behar zigorra betetzeko dagozkionak baino egun gehiago", dio hitzez hitz testuak.

Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak 2021eko maiatzean sinatu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzelen kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko akordioa, eta urte horretako irailean gauzatu zen transferentzia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Presoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Espetxeen azken ordukoa