Gizartea -

Denboralea

'Patricia' depresioak 6 metrorainoko olatuak utzi ditu euskal kostaldean

Osteguneko alertaren ostean, hiru abisu hori egongo dira indarrean nabigaziorako eta kostaldeko inpaktuagatik. Horrez gain, Nafarroa iparraldean euriagatik jarri dute abisua, eta bihar Gipuzkoa ere egongo da abisupean arrazoi horrengatik.

Olatu handiak Donostian. Argazkia: EITB Media
Olatu handiak Donostian.
'Patricia' depresioak olatu handiak eragin ditu Donostian

0:44

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patricia izeneko depresioak giro makurra eta itsaso oso zakarra eragin ditu kostaldean. Itsaso zabalean, zehazki Donostiako buian (16 itsas milatara dago), 6 metroko olatuak (altuera adierazgarria) neurtu dituzte, eta Bilboko Portuko estazioak 4,6 metroko olatuak neurtu ditu. 

Euskalmetek itsasoan dituen estazio meteorologikoen datuak ikaragarriak dira: Donostiako buian 9,5 metrorainoko olatuak erregistratu dituzte, altuera adierazgarria 6 metrokoa izan bada ere. Bizkaian, Armintzan (Lemoiz) 8,5 metroko olatuak izan dira, altuera adierazgarria 4,9 metrokoa izanda. Bilboko Portuan hortik beherako zenbakiak izan dituzte: olatu altuenak 6,6 metrokoak izan dira (4,6 metroko altuera adierazgarria). 

Hori horrela, Bizkaiko eta Gipuzkoako hondartza ia gehienak bandera gorria dute (Areetakoak eta Hondarribikoak bakarrik dute berdea, eta beste sei hondartzatan bandera horia dago). 

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, ostiral arratsaldera bitartean, hiru abisu hori aktibatu dituzte, itsasaldeko arriskuagatik.

Abisuak prezipitazio handiagatik

Halaber, Aemetek abisupean jarriko du Nafarroa iparraldea (Baztan ingurua) bihar, euriteengatik. Abisua ostegunean 20:00etan jarriko dute indarrean, eta ostiraleko 14:00ak arte egongo da aktibo. Ordubetean 15 litro eta 12 orduan 40 pila daitezke metro koadroko, iragarpenaren arabera. 

Jaurlaritzak goizean berritu ditu datozen egunetarako indarrean egongo diren abisuak, eta abisu horia ezarri du biharko (00:00-12:00) Gipuzkoan, prezipitazio handiak espero baitira. Ordubetean 15 litro pila daitezke metro koadroko, bereziki ekialdean. Zaparrada ertainak botako ditu, eta baliteke zenbait tokitan handiak eta trumoitsuak izatea. Euskalmeten arabera, Gipuzkoan 20-40 litro pila daitezke metro koadroko, eta Bizkaian, 10-30 litro. 

Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean, gauerdiarekin sartu da alerta laranja indarrean, 15:00ak arte. Nabigaziorako arriskua egongo da lehen bi milietan, 3,5-4 metroko olatuak espero baitira. Itsaski handia egongo da, eta itsaso oso zakarreko guneak. 15:00etatik aurrera, abisu horia sartuko da indarrean, eta ostiraleko 18:00ak arte egongo da aktibo. 

Halaber, olatuek kostaldean izan dezaketen inpaktua tarteko, beste abisu bat egongo da gaur itsasgorarekin batera (18:51). Marea biziak daude egunotan, eta itsasgorarekin kostaldean 3 eta 3,5 metro arteko olatuek talka egitea espero da. 

Denboralea tarteko, 18 urteko mutil bat larri zauritu zen atzo Ondarretako hondartzan (Donostia). Nonbait, olatu batek kolpatu zuen, eta baliteke muineko lesioa izatea.

Gainera, Donostiako Udalak Santa Klara uhartea eta Pasealeku Berria ixtea erabaki du, beste hainbat neurri prebentibo hartzearekin batera.

Haizea modu bortitzean aldatu da, eta abisu horia sartu da indarrean haizeagatik eta olatu handiengatik
  Haizea modu bortitzean aldatu da, eta abisu horia sartu da indarrean haizeagatik eta olatu handiengatik
Haizea modu bortitzean aldatu da, eta abisu horia sartu da indarrean haizeagatik eta olatu handiengatik

0:44
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Alerta meteorologikoak Denboraleak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Uda Lapurdi