Gizartea -

Sanferminak

Ekintzaz beteriko azken festa eguna Iruñean, jaiei agur esan aurretik

Gauerdian hiria kandelaz beteko da eta, zapiak lepotik kenduta, "Gaixoa ni" abestuko dute. Horrela amaituko dira etenik gabeko bederatzi egun eta gaueko festak. Cristina Ibarrola alkateak lehen balantzea "oso ona" dela adierazi du eta jaiak "normaltasunez" eta "alaitasunez" igaro direla. 

Gaixoa ni. EFEren artxiboko irudia.
Gaixoa ni. EFEren artxiboko irudia.
Gaixoa ni. EFEren artxiboko irudia.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruindarrek azken festa eguna dute gaur, ospakizunez betetako egunen ostean. Sanferminei agur esan aurretik baina, badira galdu ezinezko hitzorduak, Sanferminetako Zortzigarrena, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren agurra edo Gaixoa Ni.

Alemaniako Pyrogenie Feuerwerk GmbH pirotekniak botako duen Tim Hannigen "Seasons in fire" ("Urtaroak sutan") su-bilduma amaitzearekin batera hasiko da Sanferminetako azken ekitaldi ofiziala: Gaixoa ni, Udaletxe plazan. 

Gauerdian hiria kandelaz beteko da eta, zapiak lepotik kenduta, "Gaixoa ni" abestuko dute. Zuzenean jarraitu ahal izango da ETB1-en eta eitb.eus-en, 23:35etik aurrera. 

Gauerdian, Cristina Ibarrola alkateak Sanferminen amaiera iragarriko du udaletxeko lehen solairuko balkoitik, eta datorren urtean jaietan parte hartzera gonbidatuko ditu hiritarrak; izan ere, "Gutxiago falta da". Kantuz eta azken trakarekin itxiko dituzte 2023ko Sanferminak. 

Lehen balantze "oso ona"

Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak, ostiral honetan amaituko diren jaien behin betiko balantzearen zain, esan du Sanferminak "oso ondo", "normaltasunez" eta "alaitasunez" igaro direla. 

"Normaltasuna" eta gertakari aipagarririk eza azpimarratu ditu, eta, horren ostean, eskerrak eman dizkie festak ondo joan zitezen lanean jardun duten guztiei, hala nola garbiketako langileei, osasun-langileei eta konpartsako kideei, "eta denok ondo pasa eta jaiaz gozatu ahal izateko gogor lan egiten duen hainbat eta hainbat jenderi" bai eta "guztiok babestuta eta seguru egoteko funtsezko lana egiten duen Poliziari ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Sanferminak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak