Gizartea -

SANFERMINAK 2023

Dena prest Iruñean 2023ko sanferminei ongietorria emateko

Iruindarrak zapi gorria lepoan lotzeko unearen zain daude. Nafarroako hiriburuan iragarrita dagoen euriak ere ez du zapuztuko bederatzi eguneko festen lehertzea. Txupinazoa eta entzierroak zuzenean eskainiko ditu EITBk.

2023ko txupinazoa Iruñean. EFEren artxiboko irudia
2023ko txupinazoa Iruñean. EFEren artxiboko irudia
2023ko txupinazoa Iruñean. EFEren artxiboko irudia

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasi da atzerako kontaketa 2023ko sanferminak hasteko. Iruindarrak irrikaz daude gaur eguerdian zapi gorria lepoan jantzi eta bederatzi eguneko jaiei ongietorria emateko. Udaletxeko plazan jaia lehertzeko ordu gutxi falta diren honetan, hiriko kaleetan sumatzen da dagoeneko jai-usaina.

Luis Sabalza Club Atletico Osasunako presidenteak jaurtiko du aurtengo txupinazoa, Iruñeko futbol taldeak egin duen denboraldi handia omentzeko asmoz, eta une horretatik aintzinera festa hiriko txoko guztietan zabalduko da. Nafarroako erdialde eta hiriburuan euria eta ekaitzak iragarri ditu AEMET Espainiako Meteorologia Agentziak, eta abisu horia ezarri du arrazoi horregatik. Jaiaren hasiera bertatik bertara bizi ezin duenarentzat, aurten ere, txupinazoa zuzenean jarraitu ahal izango da ETB1en eta eitb.eus-en.

Presidente gorritxoak Jagoba Arrasate taldeko entrenatzailea eta David Garcia eta Unai Garcia kapitainak izango ditu ondoan udaletxeko balkoian, baita Osasuneko zuzendaritza ere. Osasuna Conference Leaguetik kanpo uzteko UEFAk hartutako erabaki polemikoak (errekurtsoa jarri dio jada talde nafarrak) ez du Osasunaren klasifikazio historikoa —bere mende pasatxoko historikoan lehen aldiz lortu du Espainiako Superkoparako eta aipatu Europako lehiaketarako txartela— belzterik lortu. UEFAren lorratza, dena den, Iruñeko balkoietan igarri da, eta hainbat pankarta eskegi baitituzte "justizia" eskatuz eta Europako futbol elkartearen erabakia gaitzetsiz. 

Iruñeko balkoietan UEFAri erreferentzia egiten dioten pankartak. Argazkia: EFE

Beste behin kaleak protagonismo berezia hartuko du sanferminetan uztailaren 6tik 14ra, 540 ekitalditik gora antolatu baitira. Musika eta tradizioek ez diote berrikuntzei tarte handirik utziko eta gustu eta publiko guztientzako ekitaldiak izango dira; kontzertuak Foruen Plazan, Gaztelukoan edo Konpainiakoan, gaiteroak, txistulariak, errondaila edo banda, besteak beste.

Txikienek ere ez dute aspertzeko betarik izango sanferminetarako prestatu diren 145 ekitaldiekin. Gauza jakina da, baina, erraldoi eta buruhandien konpartsa izaten dela ekintzarik arrakastatsuena.

Ohikoa den moduan goizero egingo diren entzierroek ikusmina sorraraziko dute Iruñera gerturatzen den ororen artean. Uztailaren 7tik 14ra egingo dira, eta EITBk zuzenean emango ditu goizero, 07:45etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en. Entzierroaren ibilbidea seguruagoa izan dadin, ez labaintzeko produktua dagoeneko bota dute.

Peñek ere berebiziko garrantzia dute sanferminetan, horiek arduratzen baitira kaleei musika eta giroa jartzeaz. Festei hasiera emateko irrikaz daude eta prest dituzte euren pankartak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Sanferminak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Iruñeko Udala