Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Epaileak behin-behinean espetxera bidali du Iruñean izandako hilketa matxistaren ustezko hiltzailea

51 urteko ustezko erasotzaileak bere burua entregatu zuen larunbatean Iruñeko Udaltzainaren egoitzan.

Larunbatean hilketa gertatu zen Iruñeko tabernaren aurrealdea. Argazkia: EFE
Larunbatean hilketa gertatu zen Iruñeko tabernaren aurrealdea. Argazkia: EFE
Larunbatean hilketa gertatu zen Iruñeko tabernaren aurrealdea. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñean, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Epaitegiak behin-behinean espetxera bidali du larunbatean Ermitagaña auzoan gertatu zen hilketa matxistaren ustezko egilea. Zehazki, 47 urteko bikotekidea hiltzeaz gain, genero indarkeria eta tratu txar jarraituak leporatu dizkio astungarri gisa.

Hilketa Francisco Aleson kalean kokatutako Anayak tabernaren barnealdean gertatu zen eta, ondoren, 51 urteko ustezko erasotzaileak bere burua entregatu zuen Iruñeko Udaltzainaren egoitzan. Biktima txinatarra zen, 15 urte zeramatzan Nafarroan eta lau seme-alabaren ama zen. Auziaren sumarioa sekretupean dago.  

Biktimaren omenez eta familiari elkartasuna adierazteko asmoz, 12:00etan minutuko isilunea egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean.

Iruñea

Atzo, elkarretaratzea egin zuten Iruñeko Udaleko kideek, Nafarroako Gobernuak, alderdi politikoek eta herritar askok, Ermitagañako auzoan jazotako hilketa matxista gaitzesteko eta biktimaren familiari elkartasuna adierazteko.

Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak hilketa jazoera deitoratu zuen: "Espero dezagun berriro horrelakorik ez gertatzea. Gure baliabide guztiak eskura jarriko ditugu izatez seguru den hiri honetan emakume guztiak seguru sentitu daitezen". Gainera, Udala akusazio gisa azalduko dela aurreratu zuen.  

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko jarduneko presidenteak, bere aldetik, "gaitzespen irmoa" azaldu, eta "erakundeek aho batez egindako gaitzespena" azpimarratu zuen.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Iruñea Indarkeria matxista Nafarroa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa