Gizartea -

Bilbo-Bilbo 1. etapa

Denbora eta plangintza gehiago beharko da Bilboko aireportura heltzeko, Tourreko zirkulazio-murrizketengatik

Tourraren lehen etapak bat egiten du Loiuko aireportutik jende askok egiten duen oporretako irteerarekin. Lasterketa gorabehera, aireportuan normaltasunez jardungo da: 128 operazio baino gehiago espero dituzte.

Loiuko aireportua.
Loiuko aireportua
Loiuko aireportua.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko aireporturako sarbidean ere eragina izango dute bihar Frantziako Tourraren inaugurazio-etapako zirkulazio-murrizketek. Aenako iturrien arabera, Loiura sartzeko bide nagusiak irekita egongo dira, eta aireportuan normaltasunez jardungo da. 128 hegaldi baino gehiago irtetea eta iristea espero da. Txorierriko korridorea, aerodromora sartzeko ohiko bidea, irekita egongo da, baina harekin konektatzeko ohi baino buelta gehiago eman beharko dira.

Horregatik, aldez aurretik planifikatzea eta Frantziako Tourrarekin lotutako zirkulazio-murrizketa zehatzei buruz informatzea gomendatzen da, baita tokiko agintariek gomendatutako ibilbide alternatiboak kontsultatzea ere.

Kontuan hartu beharko da zein ordutan igarotzen den etapa udalerri bakoitzetik, eta kalkulatu udalerri horretako bideak itxita egongo direla txirrindulariak igaro baino hiru ordu eta laurden lehenago eta ordubete geroago.

Garraio publikoa aukera bikaina izan daiteke trafiko-murrizketak saihesteko. Bizkaibuseko A3247 lineak, aireporturako zuzeneko lineak, ohiko zerbitzu-ordutegiak mantenduko ditu, baina irteera bakarra egingo du Intermodaletik 5:00etatik 15:45era, eta ordu horretan ohiko geldialdiak berraktibatuko dira. Loiutik, berriz, 15:10era arte Intermodalera arteko bidea egingo du soilik, eta ordu horretatik aurrera ohiko geralekuak berreskuratuko ditu.

 

Trafiko etendurak Bilbon

Bilbon, ordutegi multzoen arabera ezarri eta antolatuko dira trafiko-etenak. Horrela:

• Bilborako San Mameseko sarbidea itxita egongo da 06:30etik 14:00etara.

• Artxandako tunelak, Txorierritik hasita, itxita egongo dira 06:30etatik 18:30era Ugaskorako bidean (Deusturako noranzkoan); Begoñatik, berriz, 24 ordu iraungo du mozketak (ekainaren 30eko 22:00etatik hilaren 1eko 22:00etara). Eta tuneletatik Salberaino (Errekalde Zumarkalerako noranzkoa), mozketa 08:30etatk 14:00etara egingo dute.

• Enekuriko sarbideak arian-arian itxiko dituzte 08:00etatik aurrera, eta 18:15ak aldera normaltasuna berreskuratuko da.

• Bilborako N-634 errepideko sarbidea Ibarsusi parean itxita egongo da 08:00etatik 22:00etara.

• Zumalakarregi Etorbidean zirkulazio-murrizketak egongo dira ostiraleko 22:00etatik, eta helmugaren azken ibilbidea erabat itxita egongo da, larunbateko 12:30etik uztailaren 2ko (igandea) 18:00etara.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Bilboko Aireportua Frantziako Tourra Gizartea Eguneko albisteak Albisteak