Gizartea -
Gipuzkoa
Gutxienez bihar arte jarraituko du bainuak debekatuta Zarauzko hondartzan
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak uraren kalitatea aztertzeko analisi gehiago egingo ditu gaur, baina ostegunera arte ez da emaitzarik izango. Atzoko kontroletan egiaztatu zenez, "urak ez ditu arautegiak ezarritako kalitate irizpideak bete", eta bandera gorria jartzea erabaki zuten.
EITB MEDIA
Zarauzko hondartzan bainuak debekatuta jarraituko du, gutxienez bihar arte. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur bertan egingo ditu uraren kalitatea aztertzeko analisiak, baina emaitzak ostegunarekin jakingo dituzte, Zarauzko Udaleko iturriek eitb.eus-i jakinarazi diotenez. Hala, ordura arte behintzat, bandera gorria izango da hondartzan.
"Osasun arrazoiak" argudiatuta —ez zuen beste zehaztapenik eman—, bainua debekatzea erabaki zuen Gotzone Sagarduik zuzendutako sailak atzo. Analisiotan egiaztatu zutenez, "urak ez ditu arautegiak ezartzen diren kalitate irizpideak betetzen".
Jakinarazpena jasota, bandera gorria ezarri zuen Zarauzko Udalak, eta herritarrei ohar bidez eskatu zien "arduraz jokatzeko eta une oro hondartzako sorospen-zerbitzuaren jarraibideak betetzeko".