Gizartea -

BIZKAIA

Leioako etxebizitza batean hiru orduz gotortu den gizona etxetik atera dute

Haren etxean katana batzuk eta bi arma labur topatu dituzte, Ertzaintzak benetakoak edo itxurazkoak diren oraindik baieztatu ez duen arren. Desordena publikoa eta mehatxuak egotzi dizkiote gizonezkoari.

Agenteek ingurua babestu dute Sabino Arana kalean. Argazkia: @ikersalgadoser1
Agenteek ingurua babestu dute Sabino Arana kalean. Argazkia: @ikersalgadoser1
Agenteek ingurua babestu dute Sabino Arana kalean. Argazkia: @ikersalgadoser1

0:29

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehen honetan Leioako (Bizkaia) etxebizitza batean hiru orduz gotortu den gizonezkoa etxetik atera dute ertzainek, eta atxilo eraman dute, anbulantzian, Gurutzetako Ospitalera, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak EITB Mediari jakitera eman dionez.

Zehazki, desordena publikoa eta mehatxuak egotzi dizkiote 54 urteko gizonezkoari, hainbat objektu leihotik kalera bota ostean. Bizilagun batzuek ziurtatu dute armatuta ikusi dutela, eta katana batzuk eta bi arma labur topatu dituzte haren etxean. Ertzaintzak oraindik ez du argitu benetakoak edo itxurazkoak diren.

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak dispositibo bateratua aktibatu dute 07:10 aldera, Sabino Arana kalean, eta agenteek ingurua itxi dute. Suhiltzaileak eta anbulantzia bat ere bertaratu dira.

Suhiltzaileek koltxoneta handi bat jarri dute etxebizitzaren balkoiaren azpian, zenbait bizilagunen arabera, buruko osasun arazoak izan ditzakeen gizonak bere burua leihotik behera botatzeko arriskua zegoelako.

Bitartean, inguruan zeuden ertzainak, negoziazio-taldeko kideekin batera, gizonaren etxean sartu dira 10:00ak aldera, eta esku-ohean atera dute gizona. Gurutzetako Ospitalera eraman dute, anbulantzian.

Polizia-operatiboa 10:30 aldera amaitu da, ertzainak gizonezkoaren etxean sartu eta handik atera dutenean. Anbulantzian eraman dute ospitalera.

Albiste-agentziek Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila aipatuz zabaldu dutenez, "arazoren bat" izan ondoren, gizonezkoa etxebizitza horren balkoian zegoela jaso dute bertaratzeko abisua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Bizkaia Delituak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Leioa Albisteak