Gizartea -
Simulakroa
Larrialdi kimikoetarako sirenak probatuko dituzte gaur Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban
Bi seinale mota entzungo dira arrisku leku guztietan; Hernanin, Muskizen, Santurtzin, Zierbenan eta Lantaronen, hain zuzen ere. Alerta aktibatzean, toki itxi batean sartu beharko da jendea, babes neurri gisa.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Enpresa Kimikoen Euskal Erakundeak, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak lagunduta, larrialdi kimikoetarako sirenak aktibatuko ditu gaur, eta datorren asteko astelehen eta asteartean, ekainaren 12an eta 13an. Hernanin (Gipuzkoa), Muskizen, Santurtzin, Zierbenan —Punta Lucero—, denak ere Bizkaian, eta Lantaronen (Araba) izango du eragina simulakroak.
Horrekin helburu dute industria kimikoak dauden lekuetatik gertu bizi diren pertsonak alerta sistemetara ohitzea, isuri toxikoa eragiten duen edozein istripuren aurrean prest egon daitezen.
Gainera, Segurtasun Sailak 112 zerbitzuaren alderantzizko sistema aktibatuko du. Horrek esan nahi du, SOS Deiak aplikazioaren bidez, alerta geolokalizatuak jasoko dituztela herritarrek.
Bi seinale mota entzungo dira arrisku leku guztietan: batek hodei toxikoaren hasiera iragarriko du, eta besteak amaiera.
Alerta aktibatzean, toki itxi batean sartu beharko da jendea, babes neurri gisa.