Gizartea -
Indarkeria matxista
Orioko hiltzaileak eskopeta bat manipulatu zuen hilketa matxista gauzatzeko, Erkorekaren arabera
Segurtasun sailburuak baieztatu duenez, indarkeria matxista tarteko, EAEn aurten eraildako lehen emakumea da Lourdes del Hoyo oriotarra. 50 urteko andrazkoa tiroz hil zuen gizonak, kalean bertan.
E.G. | EITB Media
Orion (Gipuzkoa) atzo arratsaldean bikotekide ohia hil zuen gizonak armak edukitzeko lizentzia zuen, eta horietako bat manipulatu eta erabili zuen Lourdes del Hoyo hiltzeko. Hala jakinarazi du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, hilketa matxistari buruzko lehen datuak jakinarazteko eman duen prentsaurrekoan. Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoan 2023an indarkeria matxistaren ondorioz hildako lehen biktima da Del Hoyo. Gizonak tiro egin zion biktimari, "bete-betean eta aurrez aurre zuela, eta gero bere buruaz beste egin zuen", azaldu du Erkorekak.
Ertzaintzak Erandion (Bizkaia) duen komisarian egin du agerraldia Erkorekak. Argitu duenez, biktimak eta hiltzaileak ez zuten aurrekaririk genero indarkeriarengatik —hilketa matxisten % 80n hala gertatzen da—, eta, beraz, ez zeuden Ertzaintzaren erregistroetan.
Biktimak, 50 urteko oriotarrak, bi seme-alaba zituen: mutikoa adinez nagusia da, eta neskatoa, berriz, adingabea. Del Hoyok harreman sentimentala izan zuen gizonarekin, eta, orain ikertzen ari diren arrazoiak tarteko, "atzo hitzordua zuten" Orion bertan.
Hasiera batean izandako "nahasmena"ri buruz ere mintzatu da Erkoreka. Izan ere, leherketa bat egon zela zabaldu zen arratsaldeko lehen orduan. "Lekukoek eztanda izan zela aipatu zuten kutxa zuri bat ikusi zutelako eta eskopetaz egindako tiro hotsak antzeko soinua egiten duelako. Hala, bertaratzen lehenak Ertzaintzaren Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko agenteak izan ziren", azaldu du. Hipotesi hori guztiz baztertu zuten gero, ikertzaileek eskopeta topatu zutenean.
Gaitzespen mezu eta elkarretaratzeak
Orioko Udala osatzen duten talde guztiek adierazpen instituzionala adostu dute aho batez, atzo herrian izandako hilketa matxista gaitzesteko. Hiru dolu egun ezarri ditu, eta mugimendu feministak deitutako elkarretaratzean (19:00etan, udaletxe parean) parte hartzeko eskatu die herritarrei. Adierazpenean, elkartasuna agertu die biktimaren senitartekoei, baina baita hiltzailearen familiari ere, eta "arduraz eta errespetuz" jokatzeko deia egin du, sare sozialetan "irudi desegokiak" zabaldu baitira.
Emakundek ere irmo gaitzetsi du hilketa matxista, eta bere elkartasuna eta laguntza eskaini die eraildako emakumearen familiari eta gertukoei. Orioko Udalak bezala, Emakumearen Euskal Institutuak elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du. Iragarri duenez, han izango dira Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburua.
Gipuzkoako Foru Aldundiak gobernu bilera deitu du gaur, urgentziaz, eta gertatutakoa gaitzesteko adierazpena adostu. Ondoren, minutu bateko elkarretaratze isila egin dute foru jauregiaren aurrean. Foru erakundeak bere "sumin eta haserre sakona" adierazi du hilketa matxistaren aurrean. "Giza eskubideen urraketaren adierazpen gorena da, gure gizartean inolako lekurik ez duen gertaera oso larria", salatu du.
Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak ere gogor gaitzetsi du Orioko hilketa, eta gazteenen artean sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzeko premia azpimarratu du.