Gizartea -
Larrialdi klimatikoa
Mundua ordubetez itzaliko da larunbat honetan, Planetaren Orduan
2023an honetan martxoaren 25ean izango da itzalaldia, 20:30etik 21:30era.
Agentziak | EITB Media
Munduko Natura Funtsak (WWF) gizarte osoa gonbidatu du Planetaren Ordua ekimenean parte hartzera. Ekintza sinbolikoa da, mundu mailan egiten dena eta ordubetez argia itzaltzean datzana, ingurumenaren eta pertsonen alde. Oraingoan, itzalaldia datorren larunbatean, martxoak 25, izango da, 20:30etatik 21:30etara Euskal Herriaren kasuan.
Planetaren Ordua Sidneyn jaio zen 2007an, klima aldaketaren arazoaz ohartarazteko keinu sinboliko gisa, eraikin eta monumentuetako argiak ordubetez itzaliz.
Gaur egun, ia 200 herrialdetako milioika pertsona mobilizatzen ditu mugimenduak, urtean behin. WWFtik nabarmendu dutenez, egun honek "gogorarazten digu natura dela gure bizi euskarri sistema, behar dugun guztia eskaintzen diguna, arnasten dugun airetik edaten dugun ureraino eta jaten ditugun elikagaietaraino, eta orain gure planetaren osasuna eta, era berean, gure osasuna eta ongizatea babesteko defendatu behar ditugula".
Era berean, gogorarazi dute datozen zazpi urteak "erabakigarriak" direla "planeten mugen barruan eta 1,5 °Cko muga klimatikoaren azpitik mantentzeko; bestela, ingurumenaren degradazio atzeraezineko eta klima aldaketa sakoneko egoerara igaroko gara".
"Denbora azkar eta gure kontra doa", gaineratu du erakundeak. 2023ko Planetaren Orduak ohartarazten du "azkar eta erabakitasunez jardun behar dugula", eta "hamarkada honek inflexio puntua izan behar du, non naturaren balioa aitortuko dugun eta horren lehengoratzea lehenetsiko dugun, gure klimarenarekin batera".