Gizartea -
Turkia eta Siriako lurrikarak
Elikagai bilketa egingo du Zaporeak elkarteak larunbatean, Turkiako eta Siriako kaltetuei laguntzeko
Euskal Herriko hainbat herritan egingo dituzte bilketak. Batez ere, lekaleak kontserban, arroza, pasta, arraina kontserban eta esnea eskatu ditu errefuxiatuei laguntzen urteak daramatzan elkarteak.
EITB MEDIA
Elikagai bilketa egingo du datorren larunbatean, otsailak 11, Zaporeak elkarteak Turkian eta Sirian izandako lurrikarek kaltetutakoentzat. Errefuxiatuei "elikagai elikagarriak" eramatea da ekimenaren helburua, eta horretarako, ondorengo produktuak bildu nahi dituzte: lekaleak kontserban, arroza, pasta, arraina kontserban eta esnea. Laguntza ekonomikoa ere eskatu diete herritarrei eta erakundeei, bildutako janariaren garraiorako erabiliko dituzten ibilgailuak ordaindu ahal izateko.
Donostian gaur goizean egindako agerraldian zehaztu dutenez, sei herri eta hiritan jarriko dituzte bilketa guneak etzi, leku hauetan:
- Donostia: San Martin Merkatua (09:00-21:00), Garbera (10:00-21:00), Lidl Bretxa (09:00-20:00) eta Erreka taberna, Bidebietan (gaurtik)
- Gasteiz: Marianistas ikastetxea (09:00-15:00)
- Iruñea: Matesa (10:00-14:00) eta Leclerc (10:00-14:00)
- Arrigorriaga: Eroski eta BM (10:00-14:00)
- Orozko: Plazan (12:00-14:00)
- Tolosa: Ekotolosa
Zazpi urte daramatza Zaporeak elkarteak Europara iristen diren errefuxiatuei laguntzen, bereziki, gerratik ihesi heltzen direnei. Hala, Siriako herritarren egoera bereziki kezkagarria dela nabarmendu dute, gerra egoerari lurrikarak eragindako hondamendia gehitu zaiolako. "Siriak 11 urte baino gehiago daramatza gatazkan, eta, beraz, lurraldea suntsituta zegoen misil eta goseagatik. Lurrikara honek areagotu egiten du errefuxiatu eremuetan bizi direnen zaurgarritasun egoera", esan dute.
15.000 pertsonatik gora. Horiek dira, azken balantzearen arabera, Turkia hego-ekialdean eta Siria iparraldean astelehenean izandako lurrikara suntsitzaile sorten ondorioz hildako pertsonak. Turkiako agintariek zehaztu dutenez, euren herrialdean 12.000 baino gehiago dira hildakoak, eta Sirian, 3.000tik gora.