Gizartea -

ABORTUA

Auzitegi Konstituzionalak, itxuraz, gaur hartuko du abortuaren legeari buruzko erabakia

2010eko Haurdunaldiaren Borondatezko Etenaren eta Sexu eta Ugalketa Osasunaren Lege Organikoaren arabera, abortua librea da haurdunaldiaren 14. astera arte, eta 14. astetik 22. astera, amaren bizia edo osasuna arriskuan badaude edo fetuak anomaliaren bat badu.

Auzitegi Konstituzionala, kanpotik. Artxiboko argazkia: EFE
Auzitegi Konstituzionala, kanpotik
Auzitegi Konstituzionala, kanpotik. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itxura guztien arabera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak gaur hartuko du abortuaren legeari buruzko erabakia, ia 13 urte geroago. Jose Luis Rodriguez Zapatero buru zuen gobernu sozialistak bultzatu zuen legea 2010. urtean, eta PPk horren aurka jarritako helegitea ebatzi gabe dago oraindik.

Abstentzioak eta lau magistraturen aurkako errekusazioak baztertuta, atzo hasi zuen eztabaida Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurak.

Iturri juridikoen arabera, eztabaida "bizia" izaten ari da, baina "litekeena" da gaurko saioan osoko bilkurak erabakiren bat hartzea. Auziak 13 urte luze daramatza ebatzi gabe, eta Candido Conde-Pumpido Auzitegi Konstituzionaleko presidentearen lehentasunetako bat da.

Gehiengo progresistak (zazpitik lauk) 2010ean Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak bultzatutako abortuaren legeari erabateko babesa emateko asmoa du, gertuko iturrien arabera.

Enrique Arnaldo magistratu kontserbadoreak atzoko saioan azaldu zuenez, gai bakarra da Konstituzioaren kontrakoa: emakumeek abortatu aurretik jasotzen duten informazioa arautzen duena. Horregatik, kontzientzia eragozpena, abortua praktikatuko duten osasun langileei ez ezik, abortatu nahi duten emakumeekin aurretik hitz egiten dutenei ere aplikatzea proposatu zuen.

2010eko Haurdunaldiaren Borondatezko Etenaren eta Sexu eta Ugalketa Osasunaren Lege Organikoaren arabera, abortua librea da haurdunaldiaren 14. astera arte, eta, 14. astetik 22. astera, amaren bizia edo osasuna arriskuan badaude edo fetuak anomaliaren bat badu.

PPren asmoa da helegite horrekin 2010eko "epeen sistema" indargabetzea eta 1985eko "baldintzen legea" berrezartzea. Horren arabera, abortua legez kanpokoa izango da hiru kasutan salbu: emakumea bortxatu badute, bere osasun fisikoa edo psikologikoa arriskuan badago eta fetuak malformazioaren bat badu (22. astera arte). Malformazioei dagokien hirugarren kausa kanpoan uztearekin tematu da ministroa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortua Espainia argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Auzitegi Konstituzionala