Gizartea -
Garraio publikoa
Hauek dira doakoak diren autobus lineak EAEn eta Nafarroan
Estatuan ibilbide luzeko zerbitzua eskaintzen duten autobus konpainiek % 100ko deskontua dute urtea amaitu arte. Ohiko bidaiariei zuzendutako dago neurria, eta Renfen bezala, bonua eskuratu behar da. Hala, ilara luzeak sortu dira Bilboko Intermodal geltokian.
EITB Media
Gaurtik, otsailaren 1etik, hasita, Hego Euskal Herritik abiatu edo igarotzen diren ibilbide luzeko 12 autobus linea (Espainiako Estatuan zerbitzua eskaintzen dutenak denak ere) doakoak dira. Asteazken honetan sartu da indarrean doakotasun hori ezartzen duen Espainiako Gobernuaren dekretua. Helburua da gainerako lurreko garraiobideekin sortutako "asimetriak" konpontzea (Renfeko aldiriko zein ibilbide ertaineko bidaiak dohain dira).
Neurria urte amaierara arte egongo da indarrean, eta ohiko bidaiariei zuzenduta dago.
Erabiltzaileek 2023rako bonua eskuratu beharko dute, fidantza ordainduta (20-65 euro, txartelaren prezioaren arabera). Dena dela, dirua bueltan izango dute bidaia kopuru jakin bat eginda: apirila arte, 12 bidaia edo gehiago, eta maiatza eta abendua bitartean, 16 bidaia edo gehiago. Bestalde, bonuen erabilera okerra saihesteko hainbat baldintza ezarri dira —bonua pertsonala eta besterezina da—, eta hiru urraketa atzematean, fidantza konfiskatuko zaio erabiltzaileari.
Bilboko Intermodal geltokian ilara luzeak sortu dira goizean goizetik, dozenaka pertsona hurbildu baitira bonuak eskuratzeko.
Espainiako Estatuan, guztira, 42 linea dira doakoak. Horietatik 10 Euskal Autonomia Erkidegotik (EAE) abiatu edo igarotzen dira. Nafarroan, hiru lineatan eskuratu ahalko dira bonuak. Honakoak dira:
GIPUZKOA (7)
Vigo (Pontevedra), Irun eta BartzelonaSantiago-Xixon-Irun-BartzelonaIrun-Algeciras (Cadiz)Eibar-Iruñea (Nafarroa)Madril-IrunSevilla-Salamanca-IrunIrun-Tuy
BIZKAIA (3)
Santander-Bilbo-La Manga del Mar Menor (Murtzia)Bilbo-Castro Urdiales (Kantabria)Santander-Bilbo-Bartzelona
NAFARROA (3)
Madril-Iruñea, Burgosetik eta LogroñotikEibar (Gipuzkoa)-IruñeaIruñea-Jaka