Gizartea -
Koronabirusa
Espainiako Gobernuak otsailaren 7an altxatuko du musukoaren derrigortasuna garraio publikoan
Carolina Dariasek jakinarazi duenez, Ministroen Kontseiluak egun horretan sinatuko du agindua. Osasun-zentroetako derrigortasuna, ordea, mantendu egingo du.
Agentziak | EITB Media
Carolina Darias Osasun ministroak jakinarazi du otsailaren 7ko Ministroen Kontseiluan sinatuko dutela musukoaren erabilera garraio publikoan bertan behera utziko duen agindua.
Kazetarien aurrean egin dituen adierazpenetan, ministroak neurri honen amaierari data jarri dio. Otsailaren 7an Ministro Kontseiluan sinatuko badute ere, hurrengo egunean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, sartuko dela indarrean aurreikusten da.
Hala ere, Dariasek argi utzi du musukoak derrigorrezkoa izaten jarraituko duela osasun-zentruetan. Eman dituen azalpenen arabera, Alerten Ponentzia osatzen duten adituek diote oraindik goizegi dela osasunarekin lotutako lekuetan kentzea. Beraz, anbulategi eta erietxeetan, optiketan, farmazietan hortz-kliniketan eta zentru sozio-sanitarioetan musukoa erabiltzen jarraitu beharko dute bai langileek bai bisitek.
Gai honi buruz galdetu diote goizean Bingen Zupiriari, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari, Radio Euskadin. Bere iritzian, "ona litzateke" garraio publikoan derrigortasuna kentzearen neurri hau hartzean "irizpide medikoak eta zientifikoak kontuan izatea".
Espainiako gobernuak eta autonomia erkidegoetakoek elkarrekin egiten dituzten bileretan gai hau landu denaren informaziorik ez daukala gehitu du sailburuak. Hala eta guztiz ere, "logikoa" iruditzen zaio "hau bezalako gaietan, Europa osoan berdin jokatzea eta neurri berberak hartzea".