Gizartea -
araba
Espainiako Gobernuak errefuxiatuak hartzeko nazioarteko zentro bat eraikiko du Gasteizen
Instalazioek 350 plaza izango dituzte eta 14,1 milioi euroko kostua izango dute.
agentziak | eitb media
Gasteizen errefuxiatuak hartzeko nazioarteko zentro bat sortzeko proiektua lizitatu du Espainiako Gobernuak. Instalazioek 14,1 milioi euroko aurrekontua dute, eta Arabako hiriburuko Arana egoitza zaharrean kokatuko dira.
Zentroak 350 plazako edukiera eta 13.000 metro koadroko azalera eraikia izango ditu, eta 14.434 metro koadroko lurzati batean kokatuko dira, Gobernuko Ordezkaritzak Europa Pressi emandako informazioaren arabera.
Migrazioen Estatu Idazkaritzak 982.010 euroan lizitatu ditu eraikuntza proiektua eta lana gauzatzeko proiektua, nahiz eta obren finantzaketa, guztira, 14,1 milioi eurokoa izango den.
Proiektua Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan kokatzen da, eta horretarako behar diren inbertsioak urte honetarako Estatuko Aurrekontu Orokorretan jasotzen dira.
Proiektua otsailean esleitzea aurreikusi da, eta lanak uztailean hastea. Lanak urtebete geroago amaituko direla uste da, 2024ko uztailean. Zentroa faseka jarriko da martxan.
Urtaranen erantzuna
Bestalde, Gorka Urtaran Arabako hiriburuko alkateak gaitzetsi egin du Espainiako Gobernuak "aldebakarreko erabakia" hartu izana, Arana klinika zaharra nazioarteko babeserako harrera zentro gisa erabiltzeko.
Alkateak azaldu duenez, uztailean Estatuko idazkariaren jakinarazpen bat jaso zuten eraikin horren erabilerari buruz, eta orduan ere jakinarazi zioten Madrili komenigarria litzatekeela Euskadiren errealitatea kontuan hartzea eraikin horri erabilgarritasun bat emateko garaian.
Udalak eraikin horren gaineko eskumenik ez duela aitortu ondoren, Urtaranek adierazi du ez duela uste Euskadin horrelako zerbitzuak beharrezkoak direnik, eta Espainiako Gobernuaren "aldebakarreko erabakia" izan dela berretsi du.