Gizartea -

Munduko klima

Bigarren urterik beroena izan zen iazkoa Europan, lehorte eta uholde ugarirekin

"Muturreko klimak indarra hartu zuen Europan eta mundu osoan. Horrek erakusten du Lurraren berotzeak dakartzan ondorioak nabaritzen hasi garela", esan du Aldaketa Klimatikoaren Zerbitzuko zuzendari laguntzaileak.

Grafikoa: C3S
Grafikoa: C3S
2022a bosgarren urte beroena izan da munduan, eta bigarrena Europan

1:31

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Muturreko klima -lehorteak, uholdeak, muturreko tenperaturak eta berotegi efektuko gasen isurketa handiak- izan zuen protagonista 2022. urteak. Europan, bigarren urterik beroena izan zen iazkoa, eta mundu mailan bosgarrena, Copernicus Aldaketa Klimatikoaren Zerbitzuak (C3S) jakitera eman duenez.

Astearte honetan eman dute argitara Copernicus sistemaren bidez bildutako datuetan oinarrituta dagoen Munduko Klimaren 2022ko txostena, zeinetan jasotzen den inoizko udarik beroena izan zela iazkoa Europan, eta hirugarren beroena mundu mailan.

Urteko tenperatura 0,3 gradu beroagoa izan zen, 1991-2020 denboraldiarekin alderatuta, eta 1,2 gradu beroagoa 1850-1900 denboraldiarekin erkatuta.

Hainbat lurraldetan, gainera, inoizko tenperatura beroenak izan zituzten: Europa mendebaldean, Ekialde ertainean, Asia erdialdean, Txinan, Hego Korean, Zeelanda Berrian, Afrika ipar-ekialdean eta Afrikako adarrean, hain zuzen ere.

Esan bezala, bigarren urterik beroena izan zen Europan; 2020. urteak soilik gaindituta. Europa osoan, Islandian salbu, 1991-2020 denboraldian baino beroagoak izan ziren urteko tenperaturak.

Nabarmentzeko modukoa da, halaber, prezipitazio eskasia. Beroak eta euri gutxi egiteak, lehorteak eragin zituzten leku askotan, baita suteak ere; batik bat, frantziar eta espainiar estatuetan.

Muturreko fenomenoak

Otsailean, Antartikan izotz maila azken 44 urteko punturik baxuenean kokatu zen. Antartikoan, bestalde, orain arte inoiz neurtu gabeko balioak jaso zituzten ia sei hilabetez.

Lurralde tropikal eta azpitropikaletan, berriz, ohi baino bero olatu gehiago egon ziren udaberrian; Pakistanen eta India iparraldean, bereziki. Tenperatura minimoak ere inoiz neurturako baxuenak izan ziren.

Isuriak murrizteko ordua da

"Muturreko klimak indarra hartu zuen Europan eta mundu osoan. Horrek erakusten du Lurraren berotzeak dakartzan ondorioak nabaritzen hasi garela", esan du Aldaketa Klimatikoaren Zerbitzuko zuzendari laguntzaile Samantha Burgessek.

Horren iritziz, Munduko Klimaren txostenak argi erakusten du, "ondorio larrienak" saihesteko, gizarteak "berehala" murriztu beharko dituela karbono dioxido isuriak, eta aldaketa klimatikora egokitu beharko dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Alerta meteorologikoak Europa Suteak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Uholdeak Hotz boladak Lurra Bero-boladak Larrialdi klimatikoa Lehortea