Gizartea -
Gertakaria
Ordiziako Majori kiroldegia hustu dute kloro ihesa izan ondoren
Hainbat pertsonak begietan narritadura eta arnasteko arazoak izan dituzte. Guztira, larrialdi zerbitzuek 200 pertsona atera behar izan dituzte kiroldegitik, eta horietako zazpi Zumarragako erietxera eraman dituzte. Inguruko bizilagunei leihorik ez irekitzeko eskatu diete.
EITB Media
Ordiziako (Gipuzkoa) Majori kiroldegian kloroak ihes egin ostean begietan narritadura eta arnasa hartzeko arazoak izan dituzten hainbat pertsona artatu behar izan dituzte osasun-zerbitzuek arratsaldean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Larrialdi zerbitzuek 18:20 aldera jaso dute ihes toxikoaren berri. Hori dela eta, Gernikako Arbola Ibilbideko kirol-instalazioetan zeuden pertsonak bertatik atera dituzte, eta kiroldegia itxita geratu da gertakariaren ondoren.
Guztira, larrialdi zerbitzuek 200 pertsona atera behar izan dituzte kiroldegitik, eta horietako zazpi Zumarragako erietxera eraman dituzte badaezpada.
Inguruko bizilagunek mantak eta bestelako berokiak eman dizkiete babesteko.
Bestalde, inguruko bizilagunei leihorik ez irekitzeko eskatu diete.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak ETBri azaldu dionez, igerilekuko entrenatzaile bat kloro usainaz jabetu da. Sorosle bati abisua eman dio, eta egoera ez zela normala ebatzi dute. Ondorioz, ebakuazioa igerilekuan hasi da, eta ondoren instalazio guztiak hustu dituzte.
Ihesa gertatu den orduan kiroldegian, eskubaloiko eta saskibaloiko taldeen entrenamenduak, 'spinning' taldeak eta jarduerak zeuden igerilekuan, udaleko iturriek zehaztu dutenez.
Kiroldegia itxi dute eta astearte goizean neurketa berriak egingo dira kloro maila normalak direla egiaztatzeko. Ondoren, kaltetuekin harremanetan jarriko dira euren gauzak itzultzeko.
Kiroldegia itxita dagoen bitartean Lazkaoko Joxemiel Barandiaran kiroldegia erabilgarri egongo da Ordiziako bazkideentzat, Udalak jakitera eman duenez.
Azaroaren 10ean beste kloro isuri bat izan zen Gipuzkoan, Hernaniko kiroldegian, eta 20 bat pertsonari arazoak eragin zizkien.