Gizartea -

KLIMA ALDAKETA

Lurreko hiru glaziarretik bi mende honetan desagertuko dira

Klima aldaketak glaziarretan duen eraginari buruzko ikerketa bat argitaratu dute 'Science' aldizkarian, eta adituek ohartarazi dute aurrez kalkulatu baino ur masa handiagoa galduko dutela.

Glaziar bat Italian. Artxiboko argazkia: EFE
Glaziar bat Italian. Artxiboko argazkia: EFE
Glaziar bat Italian. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Science aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, Lurreko hiru glaziarretik bi desagertuko dira 2100. urtean.

Ikertzaileek mendiko glaziar guztietarako proiekzioak egin dituzte hainbat agertoki kontuan hartuta: tenperatura 1,5 ºC, 2 ºC, 3 ºC edo 4 ºC igotzea. Ondorioztatu dutenez, eszenatoki baikorrenetan ere, aurrez adituek kalkulatu baino ur masa handiagoa galduko dute mendiko glaziarrek.

Adibidez, munduko tenperatura 1,5 ºC igoko balitz, ur masaren % 25 galduko lukete eta glaziarren % 50 desagertuko lirateke.

Europa Erdialdeko, Kanada mendebaldeko eta Ameriketako Estatu Batuetako glaziar txikienak izango dira kaltetuenak tenperaturak bi gradu igotzen badira. Gainera, munduko batez besteko tenperatura hiru gradu igoko balitz ia erabat desagertuko lirateke.

Egileek espero dute ikerketak balio izatea klima aldaketari aurre egiteko neurriak indartzeko. Izan ere, COP26 bileran herrialdeek hartutako konpromisoak betez gero, munduko batez besteko tenperatura 2,7 gradu igoko da 2100. urterako. 

Glaziarrek ur masa galtzeak eragina du itsasoaren mailan eta ur gezaren kantitatean. Horren ondorioz, esaterako, 2.000 milioi pertsonak ur eskasia izan dezakete. Hori dela eta, glaziarrek zenbat masa eta zein erritmotan galduko duten kalkulatzea funtsezkoa da klima aldaketari eta horren ondorioei aurre egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa 2024 Gizartea bideoak Gaurko titularrak Albisteak Ekologia azken ordukoa Lur planeta gaur Larrialdi klimatikoa