Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Indarkeria matxistaren biktimak artatzeko telefonoak ia 2.500 emakumeren deiak jaso ditu aurten EAEn
SATEVIra (900 840 111) deitu dute 2.455 emakumek; horietako 1.420k, lehenengo aldiz. Artolazabalek azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren helburua "arreta integrala" eskaintzea dela.
eitb media
SATEVI indarkeria matxistaren biktimak artatzeko telefono zerbitzuak (900 840 111) 2.455 emakumeren deiak jaso ditu aurten, eta horietako 1.420k lehenengo aldiz deitu dute, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Sailak jakitera eman duenez.
Beatriz Artolazabal sailburuak eman du datuen berri, eta "arreta integralagoa" eskaintzearen aldeko apustua egin du, "biktimen birbiktimizazioa" eragozteko.
Artolazabalek indarkeria matxistaren biktimei zuzendutako kudeaketari buruzko urratsei buruzko aurkezpen batean eman ditu datuok, Bilboko Euskalduna Jauregian, Miren Elgarresta Emakunderen zuzendaria, Ainara Canto EDE Fundazioaren Aholkularitza eta Ikerketa arduraduna, eta Oihane Zarate eta Naiara Burgoa SATEVIko arduradunak aldamenean zituela. SATEVI da, hain zuzen ere, zerbitzu eta baliabide horietarako sarbidea.
Sailburuak azaldu duenez, "kudeaketa integratuan aurrera egiteko, eskaintzen ditugun zerbitzu guztien koordinazioa indartu beharra dago, arreta integralagoa eta pertsonalizatuagoa eskaintze aldera". Azken batean, helburua "arreta hobetzea" da, eta "indarkeria matxistaren biktimak berriro ez biktimizatzea".
Artolazabalek esan du indarkeria matxistaren biktimen elkarteekin egindako bileretan aldarrikapen nagusi bat jaso duela: "Instantzia guztietan harreman enpatikoagoa jasotzea". Hori lortzeko ari omen da lanean Eusko Jaurlaritza Justizia arloan, Osasunean, Segurtasunean eta lan eremuan.
Hala, kudeaketa integraturako proiektuan hiru fase aurreikusten dira. Lehenengoa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Sailean dago zentratuta, barne lanketan. Bigarrenean, beste sail batzuetara zabalduko dute lan eremua (Segurtasuna; Lurralde Antolaketa, Etxebizitza eta Garraioa; Osasuna; Lana eta Enplegua; eta Hezkuntza); eta hirugarrenean, beste administrazio batzuetako arreta zerbitzuekin hasiko dira elkarlanean, indarkeria matxistaren biktimak artatzerakoan hiru administraziotako erakundeek parte hartzen baitute: Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek.
Bestalde, Miren Elgarresta Emakunderen zuzendariak esan du zerbitzu ona eskaintzeko beharrezkoa dela "emakumeak erdigunean jartzea: indarkeriaren biktima izan den emakume bakoitza jarri beharra dago zerbitzuen erdigunean, eta ez alderantziz".